Athletic Clubek azken sailkatua hartuko du Lezaman

Athletic Clubek azken sailkatua hartuko du Lezaman

Lehoiek orain arte puntu bakarra erdietsi duen Valencia FCF taldearen aurka jokatuko dute bihar, igandea, 12:00etatik aurrera

Partida tranpa Athleticentzat igande honetan, Valencia FCF Ligako azken sailkatuaren aurka. Che taldea minduta iritsiko da Lezamara, lehen sei jardunaldietan puntu bakarra lortu ondoren. Lehoiak ezin dira fidatu, eta athleticzaleei beste garaipen bat emateko gogoz daude.

Duela bi aste Atletico Madrilen aurka galdu eta etxeko partidetan galdu gabeko bederatzi hilabeteetako bolada eten ostean, zuri-gorriek Lezama gotorleku bihurtu nahi dute. Iragan igandeko Ipuruako garaipenaren inertziarekin, David Aznarrek zuzentzen duen taldeak hiru puntu gehiago lortu nahi ditu, sailkapeneko podiumean dauden taldeak gertutik jarraitzeko. Are gehiago datorren astean lehia-geldialdia egongo denean eta hurrengo norgehiagokak zelai gogor batera eramango baititu lehoiak: Costa Adeje Teneriferen zelaira.

Valencia FCF oso berritua
 

Bestalde, Valencia FCFk, Jose Luis Bravo entrenatzaile berria duenak, berdinketa bakarra lortu du, bere etxea, Antonio Puchades futbol zelaian, Levante Badalonaren aurka. Harrezkero, bost porrot jaso ditu jarraian, baina, Athleticek bezala, Atletico eta Real Madrilen aurka ere neurtu ditu indarrak. Fiamma, Chacon, Pujadas edo Macarena Portales bezalako jokalari garrantzitsuak galdu dituen talde gazte bat da Valencia. 

Valentzia FCFk ez du asmatu momentuz liga hasiera honetan, berritasunez betetako plantillarekin. Hala ere, noizbait lortuko du lehen garaipena. Athletic aurrean izango du asteburuan, mugarri hori Lezaman lor ez dezaten. Bertan, estatistiken arabera, valentziarrek ez dituzte zenbakirik onenak. Izan ere, ligako 13 neurketetan, lehoiak 9tan gailendu dira, bi berdindu dituzte eta beste hainbeste galdu. Azken garaipena joan den denboraldian lortu zuten Oguiza eta Sanadriren golei esker.