"Aurrera jarraitu behar dugu"

"Aurrera jarraitu behar dugu"

Ernesto Valverdek, jokalari bat gehiagorekin jokatu arren, lehoiek lortutako puntuari balioa eman dio

Ernesto Valverdek agerraldia egin zuen RCD Mallorca eta Athletic Cluben arteko neurketaren ostean. Lehoiek, 24. minututik jokalari bat gehiagorekin, hiru puntuak lortzeko aukerak izan zituzten Son Moixen: "Ezin izan dugu euren defentsako harresia gainditu eta egin dugunean golek ez dute balio izan. Ondo lehiatu dira eta defentsan lan handia egin dute. Kanporaketak haiek atzean sartzea ekarri du, eta ukimen pixka bat falta izan zaigu ondo definitzeko eta golen bat sartzeko. Batzuetan asmatzen duzu eta beste batzuetan ez, aukerak izan ditugu, baina ezin izan dugu garaipena lortu. Futbola horrela da. Apur bat zapuztuta egon gaitezke, baina egunero istorio desberdina da eta aurrera jarraitu egin behar dugu".

Nico Williamsen (15. postuan Urrezko Baloian) eta Unai Simonen (bigarren Lev Yashin sarian) izendapenei buruz, Valverde pozik agertu da bere jokalarien lanagatik: "Horrelako sarietarako Athleticeko jokalariak izendatuta egotea polita da. Ez da horrelakorik gertatzen normalean, eta pozik gaude horregatik. Banakako sariei garrantzi handirik eman ez arren, futbola kirol kolektiboa baita, guretzat pozgarria da. Ea Athleticeko askoz jokalari gehiago dauden hor, ondo goazela esan nahiko du".