
Lehoiek ligari berrekingo diote Tenerifen
Lehoiek ligari berrekingo diote Tenerifen
Etenaldiaren ondoren, Athleticek UDCA Teneriferen aurka jokatuko du bihar bere zelai arriskutsuan
Larunbat honetan, 13:00etan (penintsulako ordutegia), Athletic Clubek emakumezkoen futbol profesionaleko talde kanariar bakarra bisitatuko du. Lehoiek azken jardunaldian Valencia CF-ren aurka Lezaman berdiketa gazi-gozoa erdietsi ostean, UDCA Teneriferen zelaira joango dira garaipenaren bila. Partida, Adejeko futbol zelai deserosoan izango da, belar artifizialekoa, eta zuri-gorriek etxekoen kontraerasoei adi egon beharko dute. Kontzentrazio eta intentsitate handiena eskauko du norgehiagoka honek, "gerlariek" beti egiten baitiote ohore euren ezizenari eta arerio zorrotzak izango dira ligako zortzigarren jardunaldian.
Talde kanariarrak, Athleticek bezala, garaipen, berdinketa eta porrot bana daramatza etxean eta bere azken emaitza Levante UD-ren kontra 1-1ekoa izan zen. Talde eskarmentuduna da (ia 27 urte, batez beste) eta Gavira, Pisco eta Marijose beteranoak dira bere liderrak. Gainera, Gift Mondayk hiru gol sartu ditu, eta erasoan bere arrisku nagusietako bat izaten jarraitzen du, Babajide eta Blomekin batera. Oso talde gogorra da, eta zenbaki orekatuak ditu zazpi gol sartuta eta beste hainbeste jasota. Eder Maestre entrenatzaile bizkaitarrak hartu du aurten Tenerifeko proiektuaren ardura, Realaren staffetik igaro ostean.
Kanariar Uharteetan Athleticek ez ditu emaitza onak lortu, behin bakarrik irabazi baitu (2022/23 denboraldian). Iaz Nerea Nevadoren golarekin berdindu zuen. Tenerifetik puntuak ekartzea garesti egon da beti eta biharko neurketak zailtasun bera izango du. Ikusi beharko da nola ekingo dioten bi klubek txapelketara itzultzeari eta ea Athletic gai den Liga F-ko goiko postuetan jarraitzeko. Uhartekoak zortzigarren postuan daude, sailkapenaren erdian eta Athleticek, berriz, ez du lehen bost postuetatik aldendu nahi; seigarren da orain, 11 punturekin.
Erlazionatutako partidak
UD Tenerife - Athletic Club

