"Berdinketa bidezkoa izan da"
Valladoliden azken unean lortutako puntuari balioa eman dio Valverdek, baina "partida trinkoa" izan dela aitortu du
Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzailea komunikabideen aurrean agertu da Real Valladoliden aurkako neurketan lehoiek lortutako berdinketa sufrituaren ostean: "Azken unera arte estutzen saiatzen ari ginen aukeraren bat izateko eta, galdu egingo genuela zirudienean, berdinketa iritsi da. Jabetza kontrolatu dugu, baina ez genuen gol abagune argirik, sakontasuna falta zitzaigulako eta haiek ondo ixten zirelako. Gainera, estrategia jokaldietan eta kontraerasoetan arriskua sor zezaketen. Bere gola jokaldi solte batean etorri da, ez baitira gure areara gehiegi gerturatu. Oso partida trinkoa izan da guretzat. Puntu bat batu du bakoitzak, emaitza 0-0 izan zitekeen eta 1-1 izan da".
Teknikari zuri-gorriarentzat esfortzuen pilaketa ez da aitzakia eta neurketa guztietan maila ona ematen ari direla uste du: "Egia da aste zail batetik gatozela, bi bidaia oso jarraiturekin, baina jokalariak aldatu ditugu eta norgehiagokaren pisua eramaten saiatu gara. Ondo defendatu dute eta zaila egin zaigu. Lehiaketa guztietan irabazi nahi dugu eta ez gaude pozik. Hiru puntuak batzea gustatuko litzaiguke, baina ezin dut esan emaitza bidezkoa ez denik. Liga eta Europa Leaguea uztartzen ari gara eta bietan ondo sailkatuta gaude. Horixe da kontua, biek elkar elikatzen dutelako. Ea horrela mantentzen garen".
Erlazionatutako partidak
Real Valladolid - Athletic Club

