
“Derbiaren egunera energia bikainarekin iritsi gara”
“Derbiaren egunera energia bikainarekin iritsi gara”
David Aznarren ustez, "Reale Arenako derbia xehetasunek erabakiko dute" eta "Realaren joko bertikalaren arriskuaz" ohartarazi du
Bihar, igandea, 18:00etatik aurrera, baloia jokoan jarriko da Reale Arenan. Donostiako soropilan, aurrez aurre, Reala eta Athletic Club izango dira, soberan pizgarriak dituen eta beti bizia izaten den derbia jokatzeko. Lehia zirraragarria izango da, biak biak sailkapenean oso gertu daudelako; hain zuzen ere, lehoiek irabaziz gero, txuri-urdinak gainditu eta sailkapeneko laugarren postuan jarriko lirateke. Derbiaren atarian, David Aznarrek prentsaurrekoa eskaini du Liga F-ko 10. jardunaldiari buruz iritzia emateko.
Betisi irabazi ondoren, entrenatzaileak esan du "partida irabaztea merezi genuela sentitzen genuen, eroso sentitu ginen. Gainera, atea hutsean utzi genuen. Neurketaren amaierako sentsazioak hiru puntuak baino garrantzitsuagoak izan ziren. Garaipen honen ostean, energia bikainarekin iritsiko gara derbiaren egunera".
Beraz, derbia tenore bikainean iritsi da talde txuri-urdina sailkapenean gainditu nahi duen Athleticentzat. "Realak orain betetzen duen laugarren postua gurea izatea nahi dugu", adierazi du Reale Arenara itzultzeagatik eskerrak eman dituen Aznarrek. "Ez dago derbi hau jokatzeko agertoki hoberik. Iparraldeko taldeek balio erantsia ematen diote emakumezkoen sailei eta lurralde honetan emakumezkoen futbolari tratu berezia ematen zaio", azpimarratu du.
“Bi taldeok neurketa irabazteko soberan arrazoi ditugu”
Gipuzkoarrek teknikari berriarekin dihardute aurtengo denboraldian eta David Aznarrek aurkariak izan ditzakeen aldaketei buruz hitz egin du: "Eraikitze prozesu batean murgilduta daude, gauza batzuk mantentzen dituzte eta beste batzuk Jose Luis Sanchez Veraren nortasuna dute. Lehiara joatea gustatzen zaio, bertikalagoa eta zuzenagoa izatea. Bere ibilbideagatik ez dugu zalantzarik taldea lehiakorra izango dela. Iazko oinarria mantentzen dute eta, gainera, ondo indartu da. Oso maila oneko Reala aurrean izango dugu".
Gainera, derbiaren gakoei dagokienez, Athleticeko entrenatzaileak uste du penaltietan erabaki zen EH Kopako finalean gertatu bezala "xehetasunek erabakiko duten partida" izango dela.
Azkenik, "iaz bi derbiak irabazi genituela, baina neurketa parekatuak izan zirela", gaineratu nahi izan du Aznarrek. "Areetan min egin dezakegun bi talde gara, eta norgehiagoka irabazteko eta aurkariari min egin ahal izateko soberan arrazoi ditugu", esan du entrenatzaile zuri-gorriak.
Erlazionatutako partidak
Real Sociedad - Athletic Club

