
“Partida arriskutsua da bolada onean datozelako”
“Partida arriskutsua da bolada onean datozelako”
David Aznarrek Lezamako puntuek ihes ez egitea nahi du eta bihar Madrid CFFren aurka jokatuko den hitzorduaren zorroztasunaz ohartarazi du
Bihar, larunbata, 18:00etan, Athletic Club eta Madrid CFF taldeen arteko Liga F-ko 11. jardunaldia jokatuko da. Madrildarrak lehoien atzetik daude sailkapenean puntu bakarrera. "Aurkari zuzena da eta denboraldi osoan zehar horrela izango dela uste dut", esan du David Aznarrek komunikabideen aurrean egin duen ohiko agerraldian.
"Lezama garrantzitsua izatea eta iaz bezala puntuak ez joatea nahi dugu. Betisen aurkako garaipenak lasaitasuna eta konfiantza eman zizkigun", adierazi du Athleticeko entrenatzaileak, eta joan den igandeko derbiaz eta Irene Oguiza kapitainari txartel gorria atera izanaz ere mintzatu da: "Kanporaketaren ostean, niretzat eztabaidagarria izan zena, nahiz eta epailearen erabakia errespetatu genuen, uste dugu hori gertatu ez balitz agian buelta eman ahal izango geniokeela. Atsedenaldiaren ostean taldeak Oguizarengatik jokatzeko gogoa izan zuen eta jarrera oso positiboa erakutsi zuen".
Bihar Lezaman Madrid CFF izango da aurkaria, iragan denboraldiab ligako bi lehiak irabazi zituena, ez ordea San Mameseko Kopako kanporaketa. "Modelo eta joko estilo aldetik asko aldatu ez den taldea da, entrenatzaile berriarekin ere ideia bera mantentzen baitu. Jokalari garrantzitsuak galdu ditu, baina indartu egin da. Partida arriskutsua izango da, azken bi partidak irabaztetik eta bolada onean baitator", ohartarazi du Aznarrek.
Era berean, Maite Zubietaren Espainiako selekzio absolutuaren lehen deialdiari buruz ere galdetu diote, Adriana Nanclares atezainarekin batera joango dena. Athleticeko entrenatzailearen esanetan, "Lezamako osasun onaren" sintoma da, eta "exijentzia eta maila altua ikusteko eta hobetzen jarraitzeko aukera da. Pozgarria da taldearentzat, eta saria indibidualki".
Erlazionatutako partidak
Athletic Club - Madrid CFF

