"Derbiak beti dira derbi eta ez diogu zaleei huts egin nahi"

"Derbiak beti dira derbi eta ez diogu zaleei huts egin nahi"

Ernesto Valverdek uste du "banakako lehiek eta presioek" garrantzi handia izango dutela neurketaren bilakaeran

Ernesto Valverdek prentsaurrekoa eskaini du Lezamako prentsa aretoan Athleticek Realaren aurka San Mamesen jokatuko duen derbiaren atarian. Entrenatzaile zuri-gorriak aitortu du selekzioen etenaldia ondo etorri zaiola taldeari LaLigako 14. jardunaldia indar betearekin ekiteko: "Jokalariak berreskuratzen saiatu gara, bai eta min hartuta edo molestia txikiren bat zuten jokalariak zaintzen. Batez ere, lehiaketarako tarte oso bizia dugulako orain Gabonak arte. Alde horretatik, positiboa izan da".

Kirol arloari begira, Ernesto Valverdek argi du igandeko partida oso lehiatua izango dela, eta bi taldeak egoera onean iritsiko direla: "Realaazken urteetan jokatzen ari diren moduan ikusten dut. Goian egongo den taldea da, hasiera ona izan ez arren, suspertzen ari da. Zenbaki onak dituzte etxetik kanpo eta ez da harritzekoa ondo egotea. Bartzelonaren aurka norgehiagoka ona jokatzetik datoz eta horrek beti indartzen du".

Entrenatzaile zuri-gorriak talde txuriurdinak etxetik kanpo duen errendimendua azpimarratu nahi izan du: "Etxetik kanpo dituen zenbakiak garrantzitsuak dira eta hori kontuan hartu beharko dugu. Gutxi sortzen diete eta, orain arte, gol bakarra jaso dute. Haien defentsa-sistema eta banakako ekintzetan duten konpromisoa handia da, eta maila berean egon beharko dugu".

Baina, batez ere, derbi batean jokoaren intentsitateak eta harmailetako giroak protagonismo berezia hartzen dute: "Neurketa bizia izango da. Ez dakit partida hautsiko den. Baina banakako lehiek eta presioek garrantzi handia izango dute. Baloi bakoitzak urrezko pisua izango du. San Mamesen sekulako giroa egongo dela kontatzen dugu. Derbiak beti dira derbi eta ez diogu jendeari huts egin nahi. Hiru puntu ditugu jokoan, baina lehia hor dago beti, eta irabazi egin nahi dugu".