“Bolada onean gaude eta jarraipena eman nahi diogu”

“Bolada onean gaude eta jarraipena eman nahi diogu”

Yuri Berchichek azpimarratu du "hiru puntu oso garrantzitsu" direla, eta Valverdek ohartarazi du ezin dugula "aurkaria gutxietsi"

Yuri Berchichek eta Ernesto Valverdek Athletic Clubek bihar, 18:45ean, Suediako IF Elfsborg taldearen aurka San Mamesen jokatuko duen Europa Leagueko neurketaren atarian, agerraldia egin dute Lezamako prentsa aretoan. Hegaleko zuri-gorriaren hitzetan, "partida hau fase honetako gainerakoen garrantzi berekoa da. Jokoan daudenak hiru puntu dira eta guk badakigu biharkoak garrantzitsuak direla sailkapen ia matematikoa lortzeko. Oso talde indartsua izaten ari gara etxean eta Ludogoretsen esperientzia dugu, itxuraz erraza zen taldea eta izerdi asko bota behar izan genuen puntuak lortzeko. Etxean ere, Slaviaren kontra, gure onena eman behar izan genuen. Europan inork ez dizu ezer oparitzen eta finala balitz bezala egiten diogu aurre. Oso une onean gaude eta jarraipena eman nahi diogu".

Atzelari zarauztarra fio da taldearen egoera onaz eta Europako txapelketan garaipen berri bat lortzeko konfiantzarekin aurkitzen da: "Gauzak zail jarriko dizkigute. Gure bertsiorik onena eman beharko dugu puntuak lortzeko, aurkarien jokoa asko zailtzen duen taldea baita. Hala ere, gu hiru puntuak lortzera kontzentratuta gaude. Konfiantzarekin gaude eta bihar, partida guztietan bezala, dena emango dugu puntuak etxean gera daitezen".


"Ezin dugu aurkaria gutxietsi"


Bestalde, Ernesto Valverdek IF Elfsborg aztertu eta biharko aurkariak Athletic estu hartzeko adina argudio dituela ohartarazi du: "Ezin dugu aurkaria gutxietsi. Gainera, denbora daramagu Elfsborg ikusten, eta haren bertuteak oso kontuan hartzen ditugu. Erasoan ondo hedatzen den taldea da, eta oso ordenatuak kokatzen dira beti zelaian. Aurrelariak oso azkarrak dira eta arrisku handia dute geldikako jokaldietan. Beste talde batzuek, agian, izen handiagoa dute, baina gutxiago dituztenek ere, zailtasunetan jar zaitzakete. Slavia eta AZ Alkmaarren aurka sufritu genuen eta Elfsborgek arazoetan jar diezazkigukeela uste dugu. Zentzu horretan, ez dugu talderik gutxiesteko akatsik egingo".

Duela gutxi, IF Elfsborgek 7. postuan amaitu zuen Suediako Liga. Taldearen jarduerarik ezak partidan eraginik izan dezakeen galdetuta, honako hau erantzun du entrenatzaile zuri-gorriak: "Ez da denbora asko igaro lehiaketa amaitu zutenetik. Ez daramate denbora asko inaktibo, eta uste dut horrek neurketa behar bezala bideratzen lagunduko diela. Lau puntu dituzte, irabazteko beharra dute eta guretzat San Mamesen beste hiru puntu lortzeko aukera paregabea da. Alde horretatik ez dago handicapik".

Azkenik, Ernesto Valverdek ez du iraganera begiratu nahi eta Athletic Europa Ligan lortzen ari den emaitza onekin jarraitzea du helburu: "Eginda dagoena, artxiboan dago. Pentsatu behar da emaitza horiei eusteko gai izan behar dugula, eta, lehen 8 sailkatuen artean gaudenez, sailkapen horri eusten saiatu behar dugu".