Laugarrena Ligako historikoan
Athletic Clubek Valencia gainditu zuen azken jardunaldian Liga txapelketako edizio guztietako sailkapenean
Ligako azken jardunaldia jokatuta, Athletic Clubek aurrea hartu dio Valencia CFri sailkapen historikoan, laugarren postua eskuratuz Real Madrid, FC Barcelona eta Atletico de Madriden atzetik. Zuri-gorriek, Real Madridekin partida aurreratuan eta Villarreal CFren kontra lortutako garaipenen ondoren, sei puntu lortu zituzten iragan astean, che taldeak etxean Rayo Vallecanoren aurka porrota jaso zuen bitartean. Beraz, Athleticek Valenciak baino bi puntu gehiago ditu orain (3.767 eta 3.765, hurrenez hurren).
Sailkapen historikoa egiteko erabilitako sistemak denboraldi bakoitzean lortutako puntuak batzen ditu. Gogoratu behar da 1928/29 eta 1994/95 artean garaipenek bi puntu ematen zituztela eta 1995/96tik aurrera hiru puntu balio izatera pasa zirela.
Edizio guztietan egon diren hiru klub bakarrak Real Madrid, FC Barcelona eta Athletic Club dira.
Sailkapen honen historiaren errepasoa egiten badugu, gure kluba izan zen liga txapelketa ezarri zenetik 100, 200, 300, 400, 500 eta 600 puntura iritsi zen lehena. Palmaresean bost Liga titulu eta 1956an lortutako seigarren batekin, hamarkada horretan Real Madridek eta FC Barcelonak aurreratu zuten Athletic sailkapenean, eta lau hamarkadatan podiumeko azken postuan egon zen.
Joan den mendeko 90eko hamarkadan, hirugarren postu hori galdu zuen Atletico Madrilen mesedetan, baina 2000ko maiatzean berreskuratu zuen talde koltxoneroa Bigarren Mailara jaitsi zenean. 2009/10 denboraldian, Athleticek postua galdu zuen berriro, oraingoan Valencia CF taldearen alde. Ondoren, 2013/14 Ligako zortzigarren jardunaldian, Atleticok (3.132) Athletic (3.131 puntu) gainditu zuen, bosgarren postura jaitsiz, ligako lehen edizioko 14. jardunalditik ezagutzen ez zuena. 2013/14 Ligako bederatzigarren jardunaldian laugarren postua berreskuratu zuen eta hamabigarrenean galdu Vicente Calderonen 2-0 kale eginda.
Orain arte jokatu diren 94 edizioetan, Athleticek 3.045 partida jokatu ditu, 1.312 irabaziz, 723 berdinduz eta 1.010 galduz, 4.977 gol sartuz eta 4.005 jasoz.
SAILKAPEN HISTORIKOKO LEHEN SEIETAKO PUNTUAK:
1. REAL MADRID 4.995
2. FC BARCELONA 4.887
3. AT. MADRID 4.102
4. ATHLETIC CLUB 3.767
5. VALENCIA CF 3.765
6. SEVILLA FC 3.262