Igande honetan SD Eibarren aurkako derbia Lezaman

Igande honetan SD Eibarren aurkako derbia Lezaman

Athleticek talde armagina hartuko du igande honetan (12:00etan, EITB, GOL eta DAZN-en bidez), azken partidetako sentsazio onak luzatzeko asmoarekin

Datorren otsailaren 16an, Athletic Clubek Reala hartuko du San Mamesen (12:00etan), baina aurretik, igande honetan bertan Lezaman beste euskal derbi bat biziko da, SD Eibarren aurka, alegia. Lehoiek eta armaginek neurketa erakargarria eta gogorra jokatuko dute, lehen itzulian, Pinedo eta Oguizaren golei esker, Ipuruan zuri-gorriak 1-2 nagusitu ziren gisakoa.

Athleticek etxetik kanpo Valencia CF mendean hartuz hasi zuen lehen itzulia eta SD Eibarrek hutsean berdindu zuen etxean Granada CF taldearen aurka. Egia da klub baten eta bestearen ikuspegiak ezberdinak direla, eta lehoiak Txapeldunen Ligako postuetan 29 punturekin dauden bitartean (Atletico de Madrid eta Realarekin berdinduta), talde eibartarra sailkapeneko postu arriskutsuetatik aldentzen saiatzen ari da eta, une honetan, hamabigarren postuan dago kokatuta 17 punturekin. Yerai Martinen taldearen denboraldia gorabeheratsua izaten ari da eta Ipuruatik puntu asko ihes egin diete. Hala ere, joaneko derbiari erreparatzen badiogu, Athletici asko kostatu zitzaion lurralde gipuzkoarrean garaipena erdiestea, luzapenean Oguizak lortutako golak soilik eman zien garaipena lehoiei.

Armaginen taldean utzita daude Eider Arana defentsa (iaz bezala, parte-hartze handia izan zuena) eta Eunate Astralaga atezaina, Liga F-n debuta egin duena. Mariana Cerro izan da talde eirbartarrera joan den azkena, hau ere maileguan, ikasturte amaierara arte. SD Eibar talde ordenatua, solidarioa eta indartsua da bi areetako geldikako jokaldietan, baina jokalari azkarrak ere baditu trantsizioetarako; hala nola, Ane Campos (3 gol), Andrea Alvarez (3 gol) edo Espe Pizarro. Ideiak argi dituzte eta 2019-20 denboraldian 0-1 irabazi bazuten ere, Athletic Clubera egindako azken bi bisitetan justuki galdu dute; Euskal Herria Kopako partidak kontuan hartu gabe.

Zuri-gorrien artean animoa handia da azken sei partidetan bost garaipen lortu ondoren. San Mamesen FC Barcelonaren aurka jokatutako norgehiagoka izugarriaren oihartzunak entzuten dira oraindik eta, astebete geroago, Paternan ofiziozko garaipena lortu zuten. Igande honetan, SD Eibarren aurkako derbia iritsiko da eta, bi aste barru, San Mameseko ateak irekiko dira Realaren aurkako neurketarako. David Aznarren neskek ahalik eta jarraipen onena eman nahi diote bigarren itzuliari, eta Eibarri irabaztea besterik ez dute nahi.