
"Gutxien okertzen denak saria izango du bigarren itzulian"
"Gutxien okertzen denak saria izango du bigarren itzulian"
David Aznarrek "atzipetzat" jo du SD Eibarren aurkako porrota, baina igandean Real Betisen aurka Sevillan jokatuko duen partidan jarri du arreta
David Aznarrek agerraldia egin du Lezaman, bihar, larunbata, arratsaldeko azken saioaren ostean, taldea Sevillara joan aurretik. Nesken taldeak igandean 16:00etan Betisen aurka neurtuko ditu indarrak. Entrenatzaileak adierazi duenez, "aste gogorra izan da, ez baikenuen derbia etxean galtzea espero. Ez ginen gai izan SD Eibarri beharrezkoa zen mina egiteko emaitzari buelta eman ahal izateko. Utzi ditugun puntu horiek berreskuratzen saiatuko gara. Ezin gara deskonektatu eta azken jardunaldietara Europako posizioetara heltzeko aukera matematikoekin iritsi nahi dugu".
Sailkapena oso estua dago, eta Aznarrek ez du uste faboritorik dagoenik: "Denok egingo dugu huts denboraldi honetan", esan du, eta "gutxien okertzen denak izango du saria. Etxetik kanpo hiru garaipen lortu genituen aurretik, eta beste batzuk ez dira horretarako gai izan", gaineratu du.
Puntu beharra duen aurkari arriskutsua
Athleticek Real Betis bezalako aurkari larri bat izango du aurrean. Lehen itzulian Lezaman 3-0 gailendu ziren zuri-gorriak. "Sevillara hiru puntuak lortzen saiatzeko pentsamolde lehiakorrarekin goaz, eta, ondoren, Realaren aurka, aurretik geratzen zaizkigun lehen finaletako bat biziko dugula uste dut", esan du David Aznarrek. Entrenatzaileak zale asko hurbiltzea espero du FC Bartzelonaren aurka Katedralean jokatutako partida onaren ostean.
Partidarik hurbilenari dagokionez, Joseba Aguirrek zuzentzen duen taldea aurkari arriskutsua dela ohartarazi du entrenatzaileak. "Une honetan edozein talde da arriskutsua, denok baititugu jokoan gauzak eta ez dago ezer erabakita. Betisek dinamika txarra darama, noizbait hautsi behar duena, eta etxean aukera bat dute hori egiteko. Lehen itzulian ez bezalako partida da. Energia behar dugu eta hiru puntuak batuko ditugulakoan gaude", esan du.