Lehoiek puntu beharra duen Real Betis bisitatuko dute

Lehoiek puntu beharra duen Real Betis bisitatuko dute

Aurreko jardunaldian Lezaman galdu ostean, Athleticek hiru puntu lortu nahi ditu talde andaluziarraren kontura

F Ligako 18. jardunaldiak Sevillara bidali du Athletic, bihar, igandea (16:00etan, DAZN) Real Betisen aurka Luis del Solen jokatzeko. Norgehiagokak sailkapenean oso urrun dauden bi talde jarriko ditu aurrez aurre (29 eta 15 puntu, hurrenez hurren), baina azken jardunaldian galdu egin dute biek. Joseba Aguirre lehoi eta entrenatzaile ohiak zuzentzen duen taldea jaitsiera postuekin kokiltzen ari da, eta horietatik urrun ibili nahi du estuasun handirik ez izateko. Aurreko denboraldian ere gauza bera gertatu zen, azken jardunaldietan salbazioa lortu baitzuen.

Real Betisek aldaketa asko egin ditu taldean aurten ere eta ez du denboraldi honetan bolada positiboa lortzea lortu. Ondo amaitu zuen 2024a, baina urte hasiera honetan ez du garaipenik lortu eta oraindik ez du irabazi etxean jokatutako neurketetan (berdinketa eta porrota). Aguirrek harrobia erabili behar izan du, batez ere jasaten ari diren lesio ugariengatik. Baja zerrendan sartu den azkena Gema Soliveres erdilaria izan da, denboraldiari agur esan baitio. Aurretik, Julia Aguado aurrelariak beste lesio larri bat izan zuen belaunean.

Andaluziarrek bi puntura dute jaitsiera, orain Levante UD itxaropentsu batek adierazten duena, eta arazoak izan ditzakete dinamika negatiboa iraultzea lortzen ez badute. Horren jakitun dira lehoiak, mentalizatuta atera behar baitute bihar Sevillan. Zuri-gorriek SD Eibarren aurka etxean galdu ostean, goiko postuetatik estutzen jarraitu nahi dute datorren asteburuan San Mamesen otsailaren 16an, igandean, Realaren aurka jokatuko duten derbi handiaren aurretik. David Aznarrek, bestalde, Nerea Nevado berreskuratu du; baja izan da azken bi norgehiagoketan.

Zuri-gorrien eta betikoen arteko joaneko neurketan Athleticek 3-0 irabazi zuen eta Nahikari, Elexpuru eta Sara Ortega izan ziren golegileak. Ikuspegi desberdina eta askoz presio handiagoa zelaiaren alde batean bestean baino.