
Athletic, Europako bost liga handietako harrobiko futbolari gehien erabiltzen dituen taldea
Athletic, Europako bost liga handietako harrobiko futbolari gehien erabiltzen dituen taldea
Lezaman hezitako jokalariek Athleticek LaLigan jokatutako minutuen % 63,9an parte hartu dute 24 jardunaldiren ostean
CIES Football Observatory Suitzako ikerketa zentro ospetsuak egindako Atlas Demografikoaren arabera, Athletic da Europako bost liga handietako harrobiko futbolari gehien erabiltzen dituen taldea. Lezaman hezitako jokalariek taldeak LaLigan jokatu dituen minutuen % 63,9an parte hartu dute 24 jardunaldiren ostean. Ia 15 puntu beherago dago FC Barcelona, minutuen % 49,3rekin.
LaLigan, Athleticen atzetik (% 63,9), FC Barcelonak (% 49,3), RCD Espanyolek (% 40), Realak (% 38,8) eta Valencia CFk (% 37,5) osatzen dute top 5a.
CIES Futbol Behatokiak UEFAren irizpideei jarraitzen die harrobiko jokalari bat aintzat hartzeko, hau da, 15 eta 21 urte bitartean gutxienez hiru denboralditan klubeko taldeetan jokatu dutenak. Hori dela eta, txostenak LaLiga 2024/25 txapelketan parte hartu duten egungo 15 jokalari biltzen ditu zerrenda honetan: Unai Simon, Agirrezabala, Vivian, Paredes, Yeray, Nuñez, Sancet, Ruiz de Galarreta, Jauregizar, Prados, Unai Gomez, Canales, Iñaki Williams, Nico Williams eta Guruzeta.
Kanpoan uzten ditu, halaber, 15 urte bete aurretik klubeko harrobiko jokalariak izateagatik edo hitzartutako klubetan trebatzeagatik, 15 eta 21 urte bitartean Athletic Cluben hiru denboraldi oso jokatu ez dituzten beste batzuk. Horrela, Lezamako beheko taldeetatik igaro diren futbolariak, Lekue, Vesga edo Yuri kasu, ez dira txostenean sartutako 15 jokalarien artean agertzen, ezta 2024/25 Ligan 2025/02/19ra arte minuturik jokatu ez dutenak ere, orduan amaitzen baita txostenean aztertutako aldia.