"Denok gure bertsiorik onena ematen badugu kanporaketa gainditzea errazagoa izango da"

"Denok gure bertsiorik onena ematen badugu kanporaketa gainditzea errazagoa izango da"

De Marcosek eta Valverdek San Mamesek UEFA Europa League-n aurrera egiten jarraitzera bultza delaza espero dute, "jendea topera dagoenean talde guztiak menderatzen zailagoak direlako"

Oscar de Marcosek eta Ernesto Valverdek AS Romaren aurkako UEFA Europa Leagueko final-zortzirenetako itzulerako partidaren atariko prentsaurrekoan hartu dute parte. Neurketa bihar izango da, 18:45etik aurrera, San Mamesen. Lehoiek desabantaila dute joaneko 2-1ekoaren ostean Italiako hiriburuan eta, beraz, garaipenak bakarrik balio die.

Horretarako, funtsezkoa izango da jokalarien eta harmailen arteko lotura: "Bilbon nabaritzen da. Ilusio handia dago lehiaketa honetan, giroan antzematen da eta hori polita eta lagungarria da. Oso garrantzitsua da denok batera joatea. Indartsuagoak gara elkarrekin. San Mames osoa behar dugu bihar eta hemendik denboraldi amaierara arte datorren guztian Athleticen onerako. Hori da denok nahi duguna. Zaleak eta jokalariak gure bertsiorik onena ematen saiatu behar dugu. Gutako bakoitzak horrela pentsatzen badu, ziurrenik kanporaketa gainditzea errazagoa izango da", adierazi du De Marcosek.

Kapitaina baikor agertu da: "Positiboan pentsatu behar dela uste dut. Egia da emaitza Erromaren aldekoa dela, eta etxean irabazi behar dugula. Bajak ditugu, baina beste jokalari batzuk prest daude entrenatzaileak nahi dituenak jartzea erabaki dezan, eta haien bila goaz. Gogotsu gaude".

Gainera, 18. zenbakidun zuri-gorriak badaki zein garrantzitsua den norgehiagoka, final baten antzekoa baita: "Argi dago hala dela, eta aurrera egitea lortzen badugu beste final bat izango dugu laster. Bestela, azkena izango litzateke. Europan eta Kopan, kanporaketak gainditzen zoazenean finalak jokatzen dituzu eta bihar bertan bat daukagu. Mentalizatuta gaude. Badakigu partidak luzeak direla 90 minutu irauten dutelako eta batzuetan 120, beraz pixkanaka-pixkanaka eta pausoz pauso joan behar da. Irabaztea da balio diguna eta, asko jota, penaltietara joango gara horrela. Beti egongo da gure esku".

Erromari dagokionez, De Marcosek onartzen du oso talde indartsua dela: "Ezaugarri eta erritmo ezberdinetara egokitu daiteke. Egiten dugunak eragin handia izango du haiengan. Gure jokoa egitean pentsatzen dugu, hori da ondo doakiguna. Edozein areriori gauzak zailtzeko baliabideak ditugu".

Valverde ere ildo beretik mintzatu da: "Irabazi egin behar dugu. Hango emaitzaren ondoren, argi dago ez zaigula besterik balio. Horietako partida bat iristen denean, normala da urduri edo aktibatuta egotea. Atarikoa askoz okerragoa da, unea iristeko gogoa baituzu. Bihar neurketa erabakigarria eta behin betikoa izango da San Mamesen. Espero dut giro bikaina egotea eta publikoarekin konektatu ahal izatea, are gehiago bultza gaitzan. Jendea sartuta dagoenean, talde guztiak menderatzea zailagoa da. Gure estadioan jokatzen dugula aprobetxatu behar dugu. Barne-indar horrek asko bultzatzen gaitu. Badakigu balio hori zelaian jarri behar dela".

Teknikari zuri-gorriaren iritziz, garrantzitsuena beraiengan arreta jartzea da: "Edozer imajinatuta ere, gero ondo jokatzen ez baduzu, ez duzu zer eginik. Kanporaketa iraultzeko ilusioa dugu, baina gure jokoan jarri behar dugu arreta, horrek ematen baititu emaitzak. Erregistro askorekin joka dezakete, daukaten potentzialagatik. Han ondo egon ginen, baina biharkoa beste kontu bat izango da. Egoera batzuetan dena oso taktikoa da, eta badirudi lehia ez dela desorekatzen. Orduan, jokoa nolabait apurtzen saiatzen zara. Batzuetan interesatzen zaigu, baina beti eduki behar da kontrol pixka bat. Bihotzarekin jokatu behar dugu, baita buru hotzarekin ere. Gakoa bien arteko oreka da".