
"Azken txanpa honetan asko dugu jokoan"
"Azken txanpa honetan asko dugu jokoan"
David Aznarrek Liga F-ko atzera kontaketa hasi dela adierazi du bihar 16:00etatik aurrera Sevilla FC-ren aurkako neurketaren aurretik egindako prentsaurrekoan
Aste batzuen ostean, Athletic Clubek Lezaman jokatuko du berriro. Liga F-ko 22. jardunaldiko partida izango da, Sevilla FC taldearen aurkakoa. Beti bezala, David Aznarrek bihar etxean jokatuko duen neurketaren atarian hitz egin du. Komunikabideen aurrean Irene Oguiza deialdira itzuli dela eta Valero zigorra bete ondoren ere jokatzeko prest dagoela baieztatu du. Kapitainari buruz, entrenatzaileak honako hau adierazi du: "aste honetan energia asko eman digu eta oso errefortzu handia da guretzat. Azken hilabeteetako lanaren eta sufrimendu handiaren ondorengo saria da hau".
Lehoiek bosgarren garaipena jarraian lortu zuten etxetik kanpo joan den igandean, Granadan, eta bide horretatik jarraitu nahi dute, bilbotarrekin berdinduta dagoen (38 puntu) Atletico de Madrid taldearen hirugarren postua lortzeko. Horregatik, ezinbestekoa da Sevilla FC taldeari irabaztea.
"Sevilla FCren aurkako joaneko partida engainagarria izan zen"
"Atzera kontaketa hasi da eta azken unera arte borrokatzen saiatuko gara", esan du Davidek. Gainera, Athleticeko entrenatzaileak esan duenez, "etxeko partidei garrantzia eman behar zaie, irteera zailak ditugulako kanpoan eta hirunaka batu behar dugulako. Bihar arreta oso neurketan jarri behar dugu".
Bihar, 16:00etatik aurrera, Sevilla FC taldea izango du arerio talde zuri-gorriak. Joaneko partidan 2-5 irabazi zuten lehoiek. Hau da bilbotarren teknikariak norgehiagokari eta aurkariari buruz uste duena: "Neurketa zorrotza izango da, sailkapenaren erdian dagoen taldea izan arren, partida honek puntuak kentzen dizkizun neurketa izan daiteke. Joanekoaren emaitza engainagarria izan zen, hiru aldiz iritsi ginen eta hiru gol sartu genituen eta horrekin partida erosotasunez kudeatzeko aukera izan genuen. Arriskutsuak izan daitezke bihar Lezaman".
Andaluziarrak, 24 punturekin sailkapenean berehalako arriskutik kanpo, Esther Sullastres atezainaren bajarekin iritsiko dira. Talde andaluziarra gogorra da, baina gola egitea kostatzen ari zaio eta aurreko jardunaldian Real Madriden aurka galtzetik dator. Natalia Padilla da bere golegile nagusia 6 golekin.
Azkenik, Aznarrek esan du orain "jokalari guztien indarra" behar dugula eta Ane Azkonaren bolada golegileak sortzen duen poza azpimarratu du: "Pozik gaude garaiz iritsi direlako, gauza asko jokatzen ari garelako".