"Ibilbide onean jarraitu nahi dugu LaLigan"

"Ibilbide onean jarraitu nahi dugu LaLigan"

Real Madrid CF taldaren aurkako partidaren garrantziaz jabetuta, Valverdek azpimarratu du "badakigu partidaren zailtasuna, baina batzen jarraitu nahi dugu"

Europa Ligako finalerdietara igaro ondoren, Athleticek etxetik kanpo ekingo dio LaLigari, Real Madrid CF taldearen aurka, laugarren postuari eusteko prest. Ernesto Valverdek hiru puntuak lortzeko helburu argiarekin ekingo dio biharko neurketari, nahiz eta hirugarren partida sei egunetan jokatu: "Guk gure ibilbidea jarraitu nahi dugu LaLigan, partida honen zailtasuna zein den jakinda eta jokatzen ari garen neurketak kontuan hartuta. Ostegun gauean jokatzetik gatoz eta orain Santiago Bernabeura joan behar dugu Txapeldunen Ligatik kanpo geratu den Real Madriden aurka jokatzeko. Talde hauek lehiaketa bat galtzen duten bakoitzean lurrikara izugarri bat dagoela dirudi, baina LaLigako eta Kopako txapelduna izan daiteke. Kanporaketaren ondoren minduta egongo dira eta hiru puntuak etxean eramaten saiatuko dira".

Rangers FC taldearen aurkako partidan Iñigo Lekueren parte hartzeari buruz galdetuta, hau erantzun du zuri-gorri entrenatzaileak: "Kanpotik jendea hitz egiteko libre da. Guretzat Lekue jokalari garrantzitsua eta erabat fidagarria da. Taldearentzako asegurua da, eta presio handiko une jakin batzuetan badakigu erantzungo duela. Garrantzitsuena Iñigok guretzat zer esan nahi duena da, asko baita ".