
“Bihar San Mamesen irabaztea ezinbestekoa da”
“Bihar San Mamesen irabaztea ezinbestekoa da”
David Aznarrek Europan jokatzeko "ametsa" bizirik mantentzeko deia egin die zale zuri-gorriei
Bihar Athletic Clubek Liga F-ko 27. jardunaldia jokatuko du San Mamesen UDCA Teneriferen aurka. Lehoiak laugarren aldiz izango dira aurten Katedralean, eta David Aznar baikor agertu da bihar 12:00etan daukaten hitzordu garrantzitsuari begira. Entrenatzaileak Clara Pinedo eta Peke deialdira itzuliko direla baieztatu du prentsaurrekoan, baita Sara Ortegaren baja "garrantzitsua" ere, deitoratu du Madrid CFFren aurkako partidan bosgarren txartel horia ikusi baitzuen.
Hirugarren postua lortzeko lehia zabalik dago. Atletico de Madrid hiru puntura dago eta datorren igandean Alcala de Henaresen elkarren aurka lehiatuko dute. David Aznarrek madrildarrei Txapeldunen Ligako postua kentzeko borrokari buruz hitz egin du: "Bisita zaila du aste honetan (Levante UD) eta neurketa zorrotza izango da Atletico de Madridentzat. Oraindik gure esku dago. Egutegiaz hitz egitea zaila da, baina ez dut uste Atleticok benetan egutegi erosoa duenik. Aurrean dituen talde guztiek gauzak dituzte jokoan. Bihar San Mamesen irabaztea ezinbestekoa da eta hiru puntu behar ditugu Madrilen irabazteko itxaropenarekin eta ilusioarekin joan ahal izateko".
“Sari ikaragarria izango litzateke Europan ezkutu honekin jokatzea”
Bihar UDCA Tenerife iritsiko da, Aznarren hitzetan, "lehen itzuli oso ona egin zuen eta orain goiko postu horietatik pixka bat aldendu da. Oso proiektu interesgarria da epe laburrera eta ertainera, eta Tenerife beti izan da klub garrantzitsua gure ligan". Kanarietako taldeak Katedrala bisitatuko duen lehen aldia izango da.
San Mamesen aurtengo laugarren eta azken norgehiagoka izango da: "Oso eskertuta gaude San Mamesen jokatzeagatik. Klub honek asko zaintzen ditu xehetasun horiek. Guretzat motibagarria da beti bertan jokatzea", esan du Davidek, taldeak bizi duen une historikoari erreferentzia eginez. "Jendeak azkeneraino gurekin gozatzea nahi dugu. Pastelari ginga jartzen saiatzen ari gara, eta sekulako saria izango litzateke berriro ere Europan ezkutu honekin jolastea. Plantillak egin duen ahalegina baloratu behar da; jokalariak hazten ikusi ditut eta haientzat ametsa litzateke Europan jokatu ahal izatea. Talde honen sentimendua berezia da, ezberdina", azpimarratu du.
Erlazionatutako partidak
Athletic Club - CD Tenerife

