"Kendalli gehien gustatzen zitzaiona Klubaren filosofia zen"

"Kendalli gehien gustatzen zitzaiona Klubaren filosofia zen"

Paul McParlan kazetari ingeles ospetsuak teknikari mitikoaren figura ekarri du gogora

Athletic Clubek Manchesterrera egin duen bisita aprobetxatuz, Paul McParlan hitz egiteko aukera izan dugu, "These Football Times" edo "When Saturday Comes" bezalako hedabideentzat lan egiten duen kazetaria. Bere argitalpenen artean dago, baita ere, "The forgotten champions" liburua, toffeeek 1987an Kendallen zuzendaritzapean irabazitako ligan oinarritua. Egilearen arabera, titulu horren eragin historikoa lurperatuta geratu da, garai hartan liga ingelesa astintzen zuen krisi estrukturala medio eta hedabideetan izan zuen estaldura eskasagatik.

Laurogeiko hamarkadan Howard Kendall Ingalaterrako futboleko teknikaririk ospetsuenetako bat izan zen, eta, ondorioz, baita Europakoa ere. Everton FC futbol taldearen ikonoa da, jokalari gisa 1970eko liga irabazi zuen eta toffeeen "hirutasun santua" bezala ezagutzen den zelai erdia osatu zuen Alan Ball eta Colin Harveyrekin batera. 1981eko maiatzean taldearen ardura hartu zuen entrenatzaile bezala. Goodison Parkeko ekipoa gidatuz, Kendallek aparteko ibilbidea osatu zuen: 1985eko eta 1987ko ligak, 1984ko FA Cup-a, 1985eko Errekopa eta 1984, 1985 zein 1986ko Charity Cup-ak irabaziz.

Balentria horiek kontinente osoko klub onenen radarrean egoteko aukera eman zion, eta, azkenean, 1987ko ekainean Athletic Cluben eskaintza onartu zuen. Bi denboraldi eta erdiz egon zen Lezaman, eta giza arrasto sakona utzi zuen familia zuri-gorri osoaren baitan. Behin baino gehiagotan itzuli zen, Everton FC taldeak omenaldi bat antolatu zion, 2006an Athletic Cluben aurkako partida batekin, eta, jakina, talde ingelesen aurkako norgehiagoka guztietan lehoiak bulkatu zituen, 2012ko Old Traffordeko partida mitikoa baino ordu batzuk lehenago kontzentrazio hotelera egindako bisita horren lekuko. 2014ko udaberrian itzuli zen azken aldiz, San Mames berria bertatik bertara ikusteko, 2015eko udazkenean hil aurretik.

Bilbora etorri eta bere bihotza hiritik sekula alde egin ez zuen ingeles baten kondaira da berea. Talde zuri-gorriaren prestatzaile gisa, Kendallek UEFA Kopa jokatzeko sailkatu zituen lehoiak 1988an, eta funtsezko papera izan zuen taldea eraberritzeko. Izan ere, laurogeiko hamarkadako tituluak lortu zituzten jokalariek belaunaldi berri bati eman zioten bidea, eta horietako gazte askok teknikari britainiarraren eskutik debutatu zuten. Ander Garitano, Andoni Ayarza, Andoni Lakabeg, Iñigo Lizarralde, Josu Urrutia, Rafa Alkorta edo Xabi Eskurza, esaterako. Horrekin batera, Luis Fernando edo Ritxi Mendiguren bezalako jokalariak lehen taldean finkatu ziren bere agindupean. Evertoneko zaletuentzat mito absolutua, Kendallen giza legatuak Bilbon ere irauten du.