"Azken esfortzuari ekin eta guztiok batera bultza behar dugu"

"Azken esfortzuari ekin eta guztiok batera bultza behar dugu"

Ernesto Valverdek biharko derbia "funtsezkoa" dela eta "kemen guztiarekin aurre egin beharko diogula" aitortu du

Teknikari zuri-gorriak komunikabideak artatu ditu Lezamako prentsa aretoan Athletic Clubek eta Alavesek LaLigako 35. jardunaldia jokatu aurretik. Europa Leagueko finalerdietako kanporaketaren ostean, taldea ondo dagoela azpimarratu nahi izan du Ernesto Valverdek: "Gaztetasunaren gauza onetariko bat d partida batetik bestera txipa aldatzeko gaitasuna da. Argi dago ez zitzaiela gustatu nola amaitu zen norgehiagoka, baina asko estutu genituen eta amaierara arte markagailua iraultzen saiatu ginen. Orain, geratzen diren bi aste hauetan kontzentratu behar gara, baina, batez ere, honetan. Funtsezkoa da gero azken jardunaldiari aurre egiteko".

Biharko derbiaren garrantziaz galdetuta, honako hau erantzun du entrenatzaileak: "Biharko partida funtsezkoa da datozen beste bi neurketak San Mamesetik urrun jokatuko ditugulako. Aste erabakigarria da hau, talde guztiok nahi genuen sailkapenean ondo kokatuta iritsi. Dugun guztiarekin jokatu beharko dugu, biharko hiru puntuak oso baliagarriak baitira guztiontzat".

Aurkariari dagokionez, Valverdek azpimarratu duenez, "arrisku gune horretatik atera eta emaitza onak lortzen ari da. Uste dut azken 5 norgehiagoketatik bat galdu dutela, aurrerantz eman duten pauso horrek asko bultzatu ditu eta denboraldi amaierara sasoi onean iritsi dira. Oso talde lehiakorra da, baloi guztiak borrokatzen dituena. Gu irabaztera behartuta gaude eta bihar bultzada handia beharko dugu partida aurrera ateratzeko".

Amaitzeko, taldeak Old Trafforden sentitu zuen babesarengatik eta Manchesterrera bidaiatu zuen athleticzale familiari esker-mezua eskaini nahi izan die: "Guretzat bermea dira. Etxetik kanpo jokatzen dugun bidai bakoitzean Athleticen arima eta taldearen izarea primeran islatzen dute. Harrotzen gaituen zerbait da, une mardula izan zen, bagenekien egoera zailean geundela, baina jendea beti egon zen gurekin eta izan genituen ezbeharrak gainditzeko itxaropen hori izan zuen".