
“Denboraldi aparta izan da eta partida bikaina eginez amaitu nahi dugu”
“Denboraldi aparta izan da eta partida bikaina eginez amaitu nahi dugu”
Valverde pozik agertu da taldeak osatu duen lan bikainarekin: "Ikasturte hasieran pentsatzen bagenu ez genuke sinetsiko, laugarren postuan gaude eta Txapeldunen Ligarako sailkatu gara"
Ernesto Valverdek komunikabideen galderak erantzun ditu Athleticek Mestallan Valenciaren aurka 0-1 irabazi ostean: "Oso pozik gaude gaurko partidagatik. Jakina, futbolariek hemen egin duten lanagatik eta emaitzagatik. Ostegun gauean jokatzetik gatoz, oso norgehiagoka lehiakorra osatu dugu, haiek jokotik atera nahi gintuztelako eta gure presioak eragotzi egiten zielako. 70 puntu ditugu. Ikasturte hasieran pentsatzen bagenu ez genuke sinetsiko, laugarren postuan gaude eta Txapeldunen Ligarako sailkatu gara. Denboraldi aparta izan da".
Norgehiagokari buruz eta LaLigan bost aldiz jarraian atea hutsean uzteari dagokienez, entrenatzaile zuri-gorriak onartu du "kontzentratuta egon behar genuela bere jokoa saihesteko eta guk geurea garatzeko. Zentzu horretan, ondo aplikatu gara, ez diegu erraz irteten utzi. Gure atezaina atezain handia da, eta gure atzelariak ere bai".
Taldeari denboraldi honetan jarri dion nota globalari buruz galdetuta, Valverdek hauxe erantzun du: "Ez dago 10 baino gehiago. Nire jokalariei beti jartzen diet nota gorena dena ematen dutelako. Oro har, taldeak sekulako lana egiten du beti. Orain, denboraldia, datorren astean, partida handi batekin ospatzea eta amaitzea da kontua".
Athleticeko entrenatzaileak azken jardunaldia San Mamesen jokatzeko nahikoa pizgarri daudela onartu du: "Barça hartu eta Oscarren agurra izango dugu, neurketaren zailasunaz eta haiekin dugun lehiaz gain. Ez da pizgarri gehiagorik behar, prest eta gogotsu gaude".