
Athletic Martxaren bigarren edizioan errekorra lortu da parte-hartze mailan
Athletic Martxaren bigarren edizioan errekorra lortu da parte-hartze mailan
1.500 pertsona inguruk, lehen edizioan baino bi aldiz gehiagok, parte hartu zuten Athletic Club Fundazioak antolatutako Lezama eta San Mames arteko zeharkaldian
Athletic Martxaren bigarren edizioak 1.500 pertsona inguru bildu zituen igandean bere hiru ibilbideen artean. Iaz 600 lagun inguruk parte hartu bazuten ere, bigarren edizio honetan Athletic Club Fundazioak, ibilaldiaren antolatzaileak, ‘plaza guztiak beteta’ kartela eskegi behar izan zuen aurreko egunetan. Parte hartzearen arrakastak ibilaldi osoko giroa bikaina izatea eragin zuen.
Goiz hodeitsuak euri-lanbroa mehatxatu zuen, eta azkenean ia ez zen agertu. 700 pertsona ausart inguru elkartu ziren Lezaman ibilbide osoari ekiteko, Lezamako instalazioak eta San Mames lotzen dituzten ia 15 kilometroak. Atarikoa ezin zuri-gorriagoa izan zen: arkuaren ondoan, instalazioetako sarreraren buru den ATHLETIC CLUB idazkunaren azpian, parte hartzaileek Zorionak zuri abestu zioten Iñaki Williamsi bere urtebetetze egunean, eta, ondoren, ibiltzen hasi ziren Julen Axpe ibilaldiko animatzailearen erritmoari jarraituz.
Zeharbidearen lehen zatian mendia agertzen da, eta baso artean egiten du bidezaharra, duela mende bat baino gehiago baserritarrek Lezamako baserrietatik Erriberako merkatura erabiltzen zutena. Artxandako gainean, Athletic Martxari bigarren parte-hartzaile taldea batu zitzaion eta, hirugarrena, Salbeko zubiaren parean, Guggenheimen ondoan.
San Mameseko zabaldegiak amaiera bikaina jarri zion ibilaldi mendizale bezain familiarrari. Iribarren estatuaren ondoan, jolasak, puzgarriak, futboleko ateak... zain zeuden, zeharkaldia ahalik eta ondoen amaitzeko. Azken batean, Athletic Club Fundazioaren beste Komunitate ekitaldi bat izan da, eta kirolaren bidez osasuna eta ongizatea aldarrikatzen ditu.
Bizkaiko Mendizale Federazioaren laguntza funtsezkoa izan zen Athletic Martxa aurreikusitako ordutegi-kalkuluekin ibilbidera egokitu zedin.