
Athletic Clubek eta Newport Countyk bat egin dute '37ko Haurrak' gogoratzeko
Athletic Clubek eta Newport Countyk bat egin dute '37ko Haurrak' gogoratzeko
Galesko taldeak elastiko zuri-gorria jantziko du datorren denboraldiko kanpoko paridetan, Athleticen inspiratua, '1937ko Haur Euskaldunak' oroitzeko eta Gales (Cymru) eta Euskal Herriaren arteko harremanak omentzeko
1937ko martxoaren 31n, Francisco Francoren zerbitzura zeuden hamar hegazkin faxistek Durango eta Elorrio bonbardatu zituzten, bai eta ehunka herritak hil ere.
Eraso horrek Bizkaian ia egunero bi hilabete baino gehiagoz luzatu zen aireko oldarraldi baten hasiera markatu zuen.
'Aviación Legionaria Italiana' eta Condor Legio naziaren 30 bonbardero eta 44 'kaza hegazkin' aritu ziren bonbardaketak egiten. Erasorik latzena Gernikan izan zen, apirilaren 26an, herria ia erabat suntsitu eta ehunka bizitza errugabe kendu zituena.
Ondorengo asteetan, Bilbo eta inguruko herriak bonbardaketa etengabeak jasan zituzten, eta arraroa zen egun bakar bat pasatzea aire alarmak entzun gabe. Ondorioz, ezinbestekoa gertatu zen erbesteratzea eta herrien arteko elkartasuna. Gales (Cymru, galeseraz) izan zen milaka haur euskaldun erbesteratu hartu zituen herrialdeetako bat.
Gerra garaian galesarrek euskal herritarrei erakutsitako gizatasun eta eskuzabaltasun keinu hura da Newport County (League Two-n lehiatzen den Galesko taldea) eta Athletic Cluben arteko lankidetza honen jatorria.
Kirol harremana baino gehiago da ekimen hau. Galeseko herritarren harrera beroa omentzea du helburu, erbesteratuak izan ziren pertsona eta familien oroimena bizirik mantenduz. Aldi berean, Athletic eta Newportentzat garrantzitsua da memoria hori gordetzea, izan ere, futbola funtsezkoa izan zen erbeste, tristura eta etsipeneko egun haietan.
Lankidetza hau 2022an San Mameseko AC Museoak antolatutako 'Basque Children of ’37' aldi baterako erakusketaren jarraipena da ere. Erakusketa hark errefuxiatuei buruzko istorioei heldu zien, futbolari profesional bihurtu ziren haurrak nabarmenduz.
Menderaezinak: Basque Boys FC
Galesera erbesteratu ziren 236 haurretako 56 Caerleon herrian (Newportetik 8 kilometro ingurura) bizi izan ziren. Lehenik, Cambria Housen hartu zituzten 1937tik 1939ra, eta ondoren Pendragon Housen jarraitu zuten.
Talde horretatik jaio zen Basque Boys FC, hego Galesen hainbat partida jokatu zituen futbol taldea, oso gutxitan galtzen zuena. Garaipen jarraituek ospea eman zien tokiko hedabideetan, eta “euskal talde menderaezina” edo “euskal miraria” bezala izendatu zituzten.
Futbolaren atzean, ordea, Galeseko herritarren eskuzabaltasuna zegoen, haur errefuxiatuei laguntzeko partida horiek antolattzen zituena.
Adibidez, 1939ko maiatzaren 10ean, Basque Boys FCk Cardiffeko Ninian Park estadioan (orduko Galeseko estadio nazionala) jokatu zuen Moorland Road Schoolen aurka, milaka ikusleren aurrean. Partida hoiek diru-laguntzak biltzeko balio zuten, baina batez ere erbestean izandako mina arintzen lagundu zuten.
Athletic Cluben estiloko elastiko berria
Newport County AFCk, futbol zelaia (Rodney Parade) Cambria Housetik zortzi kilometrotara duenak, istorio hunkigarri hau ondo ezagutzen du. Iazko abuztuan, Athletic Clubekin harremanetan jarri ziren beren zuzendari sortzaile Neal Hearden bidez, bi taldeen arteko lankidetza proposatzeko.
Ondorioz, Newport Countyk elastiko zuri-gorri berria, Athletic Cluben estilokoa, erabiliko du 2025/26 denboraldi osoan, bigarren ekipazio moduan. Kamisetak Caerleonen bizi izan ziren haur errefuxiatuen eta haien zaintzaileen izenak daramatza. Atzeko etiketak ekimenaren azalpena dauka, honako esaldi sinbolikoarekin hasten dena: “1937an, Euskal Herriak laguntza behar zuenean, Galesek erantzun zuen”.
Etiketaren ondoan Ikurriña eta Y Ddraig Goch (Galeseko bandera) ageri dira, "Children of '37" lelopean. Lepoan "37ko haurrak" mezua dauka, eta mahuken ertzak gorriz, zuriz eta berdez tindatuak daude.
Newport County AFC Ingalaterrako ligako sisteman lehiatzen diren Galeseko lau futbol talde profesionaletako bat da, Swansea City AFC, Cardiff City FC eta Wrexham AFC-rekin batera.
Hemendik aurrera, zale berriak izango dituzte familia athleticzalean.