
Emakumezkoen harrobiko taldeak Segunda RFEF mailan ekingo dio denboraldiari
Emakumezkoen harrobiko taldeak Segunda RFEF mailan ekingo dio denboraldiari
Ander Ojanguren izango da brontzezko kategoriako 1. multzoan arituko den Athletic Cluben emakumezkoen bigarren taldeko entrenatzaile berria
Athletic Clubeko bigarren taldeak denboraldiaurreko lehen astea amaitu du, joan den astean beharrezko proba medikoak egiten hasi ondoren. Ander Ojanguren da ikasturte honetarako izendatutako entrenatzailea, Jonathan Ledesmaren lekukoa hartuko duena. Iaz Primera RFEF mailara igotzeko playoffa gertu izan zuen taldeak, aurreko denboraldiko jokalari gehienak mantendu, bi jokalari berri sinatu eta Emakumezkoen C taldetik igoko diren gazteak batuko ditu.
Denboraldi honetan, gainera, Segunda RFEF mailan hiru multzo izango ditu eta bilbotarrak lehenengoan kokatuko dira. Hain zuzen ere, lehen multzo horretan, Deportivo Abanca, Real Sociedad, Madrid CFF, SD Eibar eta Atletico de Madrid C taldeen filialak izango dira aurrez aurre. Gainerako aurkariak iparraldeko zonaldekoak izango dira: Real Racing Club de Santander; Sporting de Gijon eta Aviles Industrial; Vigoko RC Celta eta Atletico Villalonga; eta Burgos CF eta Olimpico de Leon taldea.
Oso multzo lehiakorra izango da, fase erregularra izango duena, baita igoera erabakiko duen play off-a ere. Talde bakoitzeko lehen sailkatuak zuzenean Primera RFEF mailara igotzea erdietsiko du eta laugarren igoera playoff batean erabakiko da. Bigarren sailkatuek eta 3. postuan sailkatutakoen artean koefiziente onena duen klubak ere playoff horretarako txartela izango dute. Bestalde, hiru multzoetako azken hiru postuetan (12., 13. eta 14.-nean) sailkatutako hiru taldeek maila galduko dute.
Talde teknikoa eta egutegia
Ander Ojangurenek bere gain hartu du taldea ahalik eta ondoen prestatzeko erronka, SD Eibarreko bigarren taldean egon ondoren; beraz, ondo baino hobeto ezagutzen du kategoria. Talde gaztea izango du, eta fitxatutako bi jokalari berri izango ditu: Carla Fernandez, Osasuna "B"-ko aurrelaria, eta Elene Aldekoa atezaina, Ojangurenen antzera armaginen bigarren taldetik heldu dena. Vanesa Rodriguezek entrenatzaile laguntzaile izaten jarraituko du, Jaime Garcia Emakumezkoena C taldetik igo eta prestatzaile fisikoa izango da; Jon Elorzak, berriz, atezainak prestatzeko ardura izango du.
Denboraldiaurreko lehen lagunartekoa Deportivo Alavesen aurka izango da (abuztuaren 2an, larunbatean, 19:30ean, Ibaian) eta lehiaketa ofiziala irailaren 7an hasiko da, Lezaman Atletico Villalongaren bisitarekin. Athletic Clubeko emakumezkoen harrobiko taldearen egutegi osoa kontsulta dezakezu esteka honetan..