“Neurketa zaila eta erakargarria izango da”

“Neurketa zaila eta erakargarria izango da”

Ernesto Valverdek Rayo Vallecano San Mamesera sasoi bikainean helduko dela ohartarazi du, "LaLigan eta Conference Leaguean etxetik kanpo irabaztetik", hain zuzen ere

Ernesto Valverde Lezamako prentsa aretoan agerraldia egin du bihar Rayo Vallecano San Mamesen hartu aurretik, LaLiga EA Sports 2025-26 denboraldiko bigarren jardunaldiko partidan. Neurketak jokatzearen atarian ohikoa duen prentsaurrekoan, entrenatzaileak argi utzi du "beti asko behartzen zaituen partida" espero duela. "Rayok oso talde borrokalaria du jokoaren alor guztietan: presioetan, banakako lehietan... eta beti saiatzen da aurkariaren atetik gertu jokatzen. Neurketa deserosoa izango da".

Madrildarrek bi garaipen lortu dituzte jokatutako lehen bi partida ofizialetan, baina Ernesto Valverdek konfiantza du lehoiek San Mameseko estreinakoan erakutsitako maila eta emaitza bera errepikatzeko: "Rayoren aurkako norgehiagokak beti dira irekiak. Biharkoak ildo beretik joko du. Denboraldiaurrea oso ondo amaitu dute, etxetik kanpo irabazi zuten LaLigako lehen jardunaldian eta baita Conference Leaguean ere. Dinamika onean daude eta erakusten jarraitu nahiko dute. Guk aurreko egunean egin genuena berretsi nahi dugu, San Mamesen beste hiru puntu lortu, baina espero dudan partida zaila eta erakargarria izango da".

Azkenik, entrenatzaile zuri-gorriak Lezamako haztegian jarri du jomuga bi taldeek dituzten antzekotasunen foku nagusi gisa: "Elkarren antza dugun bi talde gara. Zentzu horretan, borroka handia egongo da baloiaren agintea nork lortzen duen, bakoitzaren jokoa eraginkorragoa egin eta ahalik eta arrisku gutxiena jasotzeko. Athleticetik igaro garen entrenatzaile guztiek gauza berdintsuak gustuko ditugu: erritmo altuekin jokatzea gustatzen zaigu, arerioa baloiarekin estresatzea... alderdi horretan antzekotasunak ditugun taldeak gara. Zelaian bizitasuna sortu nahi dutenak, bakoitzaren ideiak berdegunean ondo islatzen ditugunak".