"Agian ez da oso partida ikusgarria izan, baina irabaztea beti da garrantzitsua"

"Agian ez da oso partida ikusgarria izan, baina irabaztea beti da garrantzitsua"

Bere taldearen jardunik onena izan ez dela onartu arren, Valverde pozik agertu da liga hasiera honetan etxean beste garaipen bat lortzeagatik

Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzailea komunikabideen aurrean agertu da lehoiek Rayo Vallecanoren aurka San Mamesen 1-0 irabazi ostean: "Ez gara neurketara oso ondo sartu. Haiek hobeto sartu dira, ez jarrerarik izan ez dugulako, baizik eta presiorik gabeko galera asko izan ditugulako. Zalantzak izan ditugu jokoan. Lehen zatia aurrera joan ahala, berregiten joan gara, baina jokoa ez zegoen nahi genuen tokian. Bigarrenean presio oldarkorragoa sartu dugu eta hortik etorri dira aukerak. Agian ez da oso partida ikusgarria izan, borroka handikoa izan da eta higadura handikoa, biok korrika asko egiten genuelako. Dena nahiko mugatua izan da, argitasun handirik gabe".

Teknikari zuri-gorriarentzat, puntuak batzeaz gain, sentsazioak pilatzen jarraitzea da garrantzitsuena: "Joko dinamika hartuz joan behar dugu. Aurrekoan kostatu zitzaigun eta gaur ere bai. Norgehiagokak gure eremura eraman behar ditugu, deseroso ez egoteko".