Peñen Txoko berria abian da

Peñen Txoko berria abian da

Gaurtik aurrera, Athleticeko Peñakide Ofizialen kolektiboak kanal esklusiboa izango du erakundearekin erraz elkarreragiteko eta informazio interesgarria zuzenean ezagutzeko

Athletic Clubek pauso berri bat eman du Peña eta Peñakide ofizialak aintzatesteko helburuan, eta gaurtik aurrera Peñen Txoko berria abiaraziko du. Kanal esklusibo honek bi kolektiboek erakundearekin elkarreraginean aritzeko eta Klubarekin duten harremanari buruzko informazio interesgarria bertatik bertara ezagutzeko aukera emango du.

Plataformak, maila digitalean, Peña ofizialek eta euren kideek Athletic Cluben alde egiten duten lan bikaina balioesten du, Txoko esklusiboarekin (Bazkideen Txokoaren funtsezko alderdietan antzekoa) Klubeko Peñakide Ofizialen Erroldan behar bezala inskribatuta dauden Peñakideentzat.

Nola erroldatu peñakide ofizial gisa?

Aurreko urteetan Peñako arduradunek erroldatu dituzten peñakideek, zuzen eta datu egokiekin (izena, jaioteguna, posta elektronikoa, telefono mugikorra, NANa eta, 14 urtetik beherakoen kasuan, NANa ez badute, legezko tutorearen datuak), posta elektroniko bat jasoko dute Athletic Clubeko ekosistema digitalean pasahitza ezartzeko eta, horrela, Peñen Txokora sartzeko (baita Klubeko gainerako kanal ofizialetara ere). Klubeko ekosistema digitalean beste kolektibo bat bezala sartuta badaude (bazkideak, Gazte Abonoa, Club Athletic...), ez da ezer egin beharko eta Peñen Txokora kredentzial berberekin sartu ahal izango dira.

Oraindik ofizialki behar bezala erroldatuta ez dauden peñakideek athleticzalearen doako kontua sortu ahal izango dute minutu bakar batean, eta, ondoren, kontu horretako Arlo Pertsonaletik errolda eskatu ahal izango diote Peñako kudeatzaileari, ‘Peñakideen errolda’ fitxaren bidez. Peñaren kudeatzaileak Peñen Txokoaren bidez jasoko du eskaera, eta, onartu ondoren, peñakide-eskatzailea behar bezala inskribatuta geratuko da Peñakide ofizial gisa. Horretarako, baieztapen-mezu elektronikoa jasoko du bere kontuaren pasahitza ezartzeko, eta horrekin Peñen Txokora sartuko da.

Izapideak eta online informazioa

Athletic Clubeko Peñen Errolda Ofizialean behar bezala inskribatutako peñakideak Peñen Txokora sartu ahal izango dira, Klubaren webgune ofizialeko Peñen atalean duten estekaren bidez edo zuzenean helbide honetan, Erabiltzailearen Izena (NANa edo, 14 urtetik beherakoen kasuan, NANa, legezko tutorearen NANa eta, ondoren, zifra bat) eta Athletic Clubeko kredentzial digitalen pasahitza (gutxienez 8 karakterekoa) sartuz.

Txokoaren bidez, Peñakide ofizialek Athletic Clubeko Peñakide Ofizialaren txartel digitalera sartu ahal izango dute, Peñakide ofiziala izateak dakartzan abantailak eta deskontuak ikusi, hurrengo partidetarako sarrerak eskatzeko datak ikusi (orain arte bezala, izapide hori bere Peñako arduradunari jakinarazi beharko dio) eta partida bakoitzerako zozketaren emaitza egiaztatu, bere Peñaren datu guztiak kontsultatu edo Klubaren webgune ofizialeko Peñen Albiste esklusiboen atalean sartu.

Era berean, Peñako Kudeatzaileek (Presidentea eta Sarreren arduradunak) beren peñakideek egindako errolda-eskaerak onartu edo atzera bota ahal izango dituzte, beren Peñan ofizialki erroldatuta daudenen zerrenda egiaztatu ahal izango dute, partida bakoitzerako sarreretan interesa duten peñakideak azkar eta modu intuitiboan inskribatu ahal izango dituzte, Peñaren gaurkotasuneko ekitaldien berri eman ahal izango dute edo Klubari bere jarduera zuri-gorriko ekitaldi nabarmenetara sartzeko eskatu ahal izango diote. Athletic Clubeko peña ofizialak biltzen diren hamaika guneetako ordezkariek ere sarbide berezia izango dute beren eremu geografikoko peñen informazioa kudeatzeko.