Athletic Cluben emaitza historikoak Europako txapelketetan talde ingelesen aurka

Athletic Cluben emaitza historikoak Europako txapelketetan talde ingelesen aurka

Lehoiek 20 partida jokatu dituzte sei aurkari britaniarren aurka txapelketa kontinentaletan

Athletic Club prest dago Arsenal FC erraldoia jasotzeko San Mamesen, 2025/26ko Txapeldunen Ligako faseko lehen partidan. Beraz, Europako txapelketetan talde ingelesen aurka jokatutako neurketei begiratu bat emango diegu.

Guztira, Athletic Clubek 20 neurketa jokatu ditu sei aurkari ingelesen aurka, UEFAko Errekopan, UEFAko Kopan edo Europa Leaguen eta Europako Kopan edo Txapeldunen Ligan.

 

MANCHESTER UNITED

Sei aldiz jokatu dugu Red Devils taldearen aurka Europako txapelketetan. Talde ingeles baten aurkako lehen partida kontinentala 1956/57ko Europako Kopan jokatu genuen, Manchester Uniteden Busby Babes ospetsuaren aurka, final-laurdenetako joaneko partidan, Bilbon sekulako elurtea egin zuen egun batean.

Lehoiak 5-3 nagusitu ziren San Mamesen. Hala ere, 3-0 galdu zuten Manchester City taldearen Maine Road zelaian jokatu zen itzulerako partidan. Old Traffordek ez zuen argi nahikorik bigarren norgehiagoka hura bertan jokatzeko.

*56/57 denboraldian San Mamesen jokatutako partidaren argazkia.

Zoritxarrez, Manchesterreko neurketatik urtebetera, Unitedeko jokalari talentudun belaunaldi hartako hainbat pertsona hil ziren Municheko aireko hondamendian.

Geroago, Marcelo Bielsaren Athleticek historia egin zuen United Europa Leaguetik kanporatu ostean. Lehoiek Ametsen Antzokira joan ziren eta 8.000 zale hunkitu zituzten joaneko partidan 2-3ko emaitza erdietsi eta gero. Itzulerako partidan, ametsa egikaritu zuten, San Mamesen 2-1 irabazi eta final-laurdenetara igarotzeko txartela lortu zutelarik.

Zuri-gorriek eta Red Devils taldeak aurreko denboraldian ere jokatu zuten elkarren aurka. Athleticek 0-3 galdu zuen Bilbon, Dani Vivianek 30. minutuan txartel gorria ikusi ostean. Mikel Jauregizarrek itxaropena eman zien Old Traffordera bertaratu ziren milaka athleticzaleei, baina ez zen nahikoa izan eta Ernesto Valverderen jokalariek 1-4 galdu zuten.

Errepasatu Manchester Uniteden aurkako Europako txapelketetan jokatutako partiden estatistikak

 

ASTON VILLA

Zuri-gorriek Birminghameko taldearen aurka jokatu zuten lehen aldiz 1977/78ko UEFA Kopako final-zortzirenetan. 'Villains' taldeak 2-0 irabazi zuen Villa Parken eta bi taldeek 1-1 berdindu zuten San Mameseko itzulerako partidan, Dani Ruiz-Bazanek 85. minutuan sartutako golari esker.

*97/98 denboraldian San Mamesen jokatu zen partidako argazkia

30 urte geroago, 1997/98 UEFA Kopako final-hamaseirenetan aurkitu ziren berriro. Lehoiek hutsean berdindu zuten Villaren aurka Birminghamen, baina 1-2 galdu zuten Bilbon. Ian Taylor eta Dwight Yorke izan ziren golegileak, eta Javi Gonzalezek sartu zuen Athletic Clubentzat.

Errepasatu Aston Villaren aurkako Europako txapelketetan jokatutako partiden estatistikak

 

LIVERPOOL FC

1968/69 denboraldian, Athleticek Liverpool FC jaso zuen San Mamesen, Ferien Kopako lehen kanporaketan. Nicolas Estefanok eta Javier Ormazak sartutako golek garaipena eman zioten Athletici joaneko partidan (2-1).

Itzulerako neurketan, berriz, Chris Lawlerrek eta Emelyn Hughesek sartu zituzten Liverpoolen golak azken minutuetan, Jose Maria Argoitiak Anfielden egindako lehen zatiko golari buelta emateko. Garai hartan penaltiak ez zirenez kirolaren parte, Athletic hurrengo fasera igaro zen txanpon jaurtiketa batean garaile irten ondoren.


Javier Clemente zuri-gorri ontziaren buru zela, 1983/84 denboraldiko Europako Kopako final-zortzirenak jokatu zituzten Reds taldearen aurka. Athleticek 0-0eko berdinketa lortu zuen Liverpoolen, baina txapelketatik at geratu ziren Ian Rushek Bilbon sartutako golaren erruz.

Anfieldeko berdinketa hori izan zen Merseysidekoek garaikurra eskuratzeko bidean irabazi ez zuten kanporaketa-partida bakarra.

Errepasatu Liverpool FC-ren aurkako Europako txapelketetan jokatutako partiden estatistikak

 

NEWCASTLE UNITED

Athleticek Newcastle izan zuen aurkari lehen aldiz 1994/95 UEFA Kopako final-hamaseirenetan. Athleticeko eta Newcastleko zaleen artean sortu ziren loturengatik gogoratzen da bereziki kanporaketa.

Partida hasi eta 60 minutura, lehoiak 3-0 galtzen ari ziren St. James' Parken, baina Athleticek bi gol erabakigarri sartu zituen etxetik kanpo (3-2), gerora Katedralean emaitza iraultzeko erabakigarriak izango zirenak.

Bi taldeetako zaleen arteko festak Bilbon jarraitu zuen eta Kuko Zigandak biribildu egin zuen eguna, Athleticen hurrengo kanporaketarako txartela ziurtatu zuen gol erabakigarria sartuz.

Amaierako epailearen txistuaren ondoren, Athleticeko zaleek zelaia inbaditu zuten eta bisitarien gunera joan ziren Newcastleko jarraitzaileak txalotzera. Athleticzale parrokiak guztiz gogoan duen irudia.

Errepasatu Newcastle Uniteden aurkako Europako txapelketetan jokatutako partiden estatistikak

 

SOUTHAMPTON FC

1971/72 UEFA Kopako lehen kanporaketan Southamptonen aurka jokatu genuen. Athleticek 2-1 galdu zuen joaneko partida Southamptonen estadio zaharrean, The Dellen.

Hala ere, 2-0 irabazi genuen Bilbon. Josu Ortuendok kanporaketa berdindu zuen 69. minutuan eta Anton Arietak behin betiko kolpea eman zuen.

*71/72 denboraldian San Mamesen jokatu zen partidaren argazkia

Partidaren atarian, Eddy Merckx eta Luis Ocaña txirrindulari mitikoek ohorezko sakea egin zuten Katedralean.

Errepasatu Southampton FC-ren aurkako Europako txapelketetan jokatutako partiden estatistikak

 

MANCHESTER CITY

Athleticek Manchester Cityren aurka jokatu zuen 1969/70eko Europako Errekopako final-hamaseirenetan. Bi taldeek hiruna berdindu zuten San Mamesen jokatutako partida zirraragarri batean. Argoitia, Javier Clemente eta Fidel Uriarte izan ziren talde zuri-gorriaren golegileak.

*69/70 denboraldian San Mamesen jokatu zen partidaren argazkia

Hala ere, lehoiek zailtasunak izan zituzten Maine Roaden. Joe Mercer-en talde talentudunak, bi denboraldi lehenago Ingalaterrako txapeldun izandakoak, 3-0 irabazi zuen eta gero txapelketako txapeldun atera zen, finalean Poloniako Górnik Zabrze taldea garaitu ostean.

Errepasatu Manchester City-ren aurkako Europako txapelketetan jokatutako partiden estatistikak

 

*Argazki guztiak AC Museoa-renak dira.