Joelle Murray, Hibernian FC taldeko ikonoa, One Club Woman 2025

Joelle Murray, Hibernian FC taldeko ikonoa, One Club Woman 2025

Eskoziako futbolaria 20 urtez aritu zen Edinburgoko taldean eta, gaur egun, Hibs taldearen organigrama teknikoaren baitan jarraitzen du

Joelle Louise Murray (Chirnside, Eskozia, 1986) aukeratu dute One Club Woman 2025. Sari honen bidez, Athletic Clubek Hibernian FC taldeko atzelari gisa egindako ibilbide bikaina saritu nahi du. Edinburgoko klubeko lehen taldean 2004 eta 2024 bitartean aritu zen, titulu ugari eskuratuz eta Eskoziako emakumezkoen futbolaren erreferente nagusietako bat bilakatuz. Murrayk bat egin du One Club Woman Award saria jaso duten jokalari dirdiratsuen zerrendarekin: Malin Moström (Umeque I.K., 2019), Pia Wunderlich (1.FFC Frankfurt, 2020), Jennifer Zietz (1. FCC Turbine, 2022), Mati Martínez (Fundación Albacete, 2023) eta Maria Gstöttner (USV Neulengbach, 2024).

Chirnside izeneko herri txikian jaio eta hazitakoa -Berwickshire konderrian kokatua, Eskoziako hego-ekialdean eta mugatik gertu-, bere sorterriko mutil talde batean futbolean jokatzen hasi zen. 12 urterekin, Hibernian FCko beheko mailetan sartu zen eta kategoria ezberdinetatik igaro zen 2004an lehen taldearekin debuta egin zuen arte. Ibilbide oparo baten hasiera izan zen, oso-osorik Hibsen garatua, Edinburgoko taldearen elastikoarekin 507 neurketa lehiatuz.

Funtsezkoa izan zen bere klubaren baita emakumezkoen futbolaren profesionalizazioa lortzeko, eta sekulako palmaresa lortu zuen. Bi aldiz irabazi zuen SWPL liga txapelketa, zazpi aldiz Kopa eta beste bost aldiz Ligako Kopa. 37 urterekin erretiratu zen, eta gaur egun Hibernian FC taldeari lotuta jarraitzen du, emakumezkoen lehen taldeko Assistant Manager gisa eta Junior Development Manager lanak betez Hibs-en beheko mailetan.

Bere ibilbide bikainak Eskoziako futbolaren ikurretako bat bihurtu zuen, eta, ondorioz, 48 aldiz jokatu zuen bere herrialdeko selekzioarekin, 2017ko Eurokopan eta 2019ko Munduko Kopan parte hartuz, Eskoziako emakumezkoen konbinatuak txapelketa handien azken faseetan izan zituen lehen bi parte-hartzeetan hain zuzen ere.

Murrayk irailaren 23an jasoko du saria San Mamesen, Athletic Clubek eta Girona FCk EA Sports Ligako seigarren jardunaldian jokatuko duten partidaren aurretik. Ekitaldi honetan Jamie Carragherrek ere One Club Man 2025 saria jasoko du.