“LaLiga da gure lehen helburua eta garrantzitsuena”

“LaLiga da gure lehen helburua eta garrantzitsuena”

Arsenal FC taldearen aurka ondo lehiatu ondoren, Valverdek lehiaketa erregularreko hurrengo hiru neurketetan jarri du arreta, "bi irteera zailak eta irabazi nahi ditugun puntuak jokoan jarriko direnak"

Txapeldunen Ligako estreinakoaren ondoren, Athletic Club LaLigara itzuliko da garaipenaren bidera bueltatzeko asmoarekin. Hori dela eta, Ernesto Valverdek agerraldia egin du Lezamako prentsa aretoan eta zuri-gorrien helburu nagusia lehiaketa erregularrean zentratzea dela azpimarratu du: "Liga da gure lehen helburua eta garrantzitsuena. Non zauden, nor zaren, urtea nola daramazun eta atsedenik ez hartzera behartzen zaitun lehiaketa da. Txapeldunen Liga sari bat da guretzat, aurrekoan bezala, ondo lehiatu nahi dugu, ea hor mantendu gaitezkeen, baina, jakina, LaLigak agintzen du. Orain ligako hiru partida ditugu, bi irteera zailak direnak eta irabazi nahi ditugun puntuak jokoan jarriko direnak. Oraintxe bertan, hori da garrantzitsuena".

Aurrean Valencia CF taldea izango du Athleticek, eta bilbotarren antzera, biharko hitzordura azken bi neurketak galdu dituztelarik iritsiko dira. Honako hau da entrenatzaile zuri-gorriaren iritzia Julen Agirrezabala Athleticek utzitako atezainak jokatzen duen talde valentziarrari buruz: "Zaila da beti euren aurka jokatzea. Iaz hasiera gogorra izan zuten, baina bigarren itzuli bikaina egin zuten. Mestallan irabazi genuen, baina oso zaila izan zen. Barçaren aurka porrot gogorra jasotzetik datoz, baina, orokorrean, iazko denboraldiko bigarren zatiko mailari eusten ari dira. Guk bezala, hiru puntu lortu behar dituzte bide onera itzultzeko. Zaleek asko estutzen dute eta ziur partida gogorra izango dela".

Valverdek atzean utzi nahi du Alavesen aurka San Mamesen erakutsitako irudia, eta erregulartasun handiagoz ikusi nahi du Arsenalen aurka Txapeldunen Ligan borrokatu zuen Athletic: "Alavesen aurkako partidan ez ginen ondo aritu, batez ere, erasoko eremuan. Ez geneun behar beste arrisku jokaldiak sortu irabazi ahal izateko. Zorionez, Arsenalen partida iritsi zen, eta, galdu arren, pozik gaude gure jarrerarekin eta neurketan zehar nola moldatu ginen. Bide horri jarraitu behar diogu. Gola egiteko zailtasunak izan ditzakegu, baina blokearen eta espirituaren ideiak hor egon behar du beti. Posizio onean gaude, baina Ligan sentsazio on horiei eusten jarraitu behar dugu".