
"Erasoko gaitasun handia duen aurkari bati egin behar diogu aurre"
"Erasoko gaitasun handia duen aurkari bati egin behar diogu aurre"
Ernesto Valverdek argi du lehoiek "denboraldi honetan goian egoteko hautagaia" den talde baten aurka jokatuko dutela
Athletic Clubeko entrenatzaileak hedabideen kameren eta mikrofonoen aurrean hitz egin du taldeak Villarreal CF eta talde zuri-gorriaren arteko partida garrantzitsuari begira azken lan saioa egin aurretik. Azken jardunaldietan kontrako zenbait emaitza pilatu ostean, lehoiek urpekari horiaren etxea bisitatuko dute, golaren atalean potentzial handia duen taldea: "Oso partida zaila espero dut. Talde handia da, ez bakarrik emaitzengatik, baita golak egiteko erakusten duen abileziarengatik ere. Erasoko gaitasun handia duen aurkari bati egin behar diogu aurre. Eraso asko egiten dituzte, kontraeraso oso azkarra dute, eta talde antolatua da, gola egitea kostatzen zaizuna. Iaz asko behartu gintuzten, eta aurten, ikusten denez, sailkapeneko goiko postuetan kokatzeko aurkari zuzenetakoa izango da".
Ernesto Valverdek iraganeko akatsak ahaztu eta zain duten hitzordu zailean jarri nahi du arreta: "Egia da ez ginela oso arin ibili jokoan eta zailtasunak ditugula aurkaria atzean ixten denean. Jokatzen duzun taldeak planteatzen dizun zailtasuna da, eta irtenbidea bilatu behar diogu. Nolanahi ere, biharkoa beste norgehiagoka desberdin bat da. Aurrean izango dugun aurkaria sendoa da, zenbaki bikainak dituena eta denboraldi honetan goian egoteko hautagaia dena. Izen handiak saldu ditu, baina jokalari garrantzitsuak ere fitxatu ditu eta talde luzea du".
Aymeric Laporte Txapeldunen Liga jokatzeko A Zerrendan sartu denaren azken ordukoaren inguruan, zera adierazi du Ernesto Valverdek: "Bilatzen ari ginen zerbait da. Guretzat berri ona da. Erdiko atzelarien postuan jokalariak behar genituen. Beste biren izena eman genuen, badaezpada, eta orain, beste jokalari bat daukagu, defentsaren zati horretan lagun diezagukeena. Oraindik ehuneko ehunean jarri behar da, baina guretzat bermea da dagoeneko".
Erlazionatutako partidak
Villarreal CF - Athletic Club

