Valverde: “Dortmunden aurka gozatu eta ondo lehiatu nahi dugu"

Valverde: “Dortmunden aurka gozatu eta ondo lehiatu nahi dugu"

Gainera, atezain zuri-gorriak adierazi duenez, "bihar egun garrantzitsua izan daiteke emaitzen dinamika aldatzeko"

Athletic Clubek erronka berri bati egin beharko dio aurre asteazken honetan Signal Iduna Parken, Borussia Dortmunden aurka. Partidaren atarian, Unai Simon atezaina eta Ernesto Valverde entrenatzailea hedabideen aurrean agertu dira taldearen unea eta hitzordu europarraren garrantzia aztertzeko.

Simonek esan du taldea bere jokoarekin identifikatuta sentitzen dela, baina aitortu du areetan eraginkortasuna falta zaiela: "Jokoa, jarrera eta intentsitatea ez dira txarrak izaten ari, %100era ateratzen gara beti. Geldialdiaren ondoren, gure estiloarekin erosoago sentitzen gara abuztuan baino, baina golari begira hasieran izan genuen zorte txiki hori falta izaten ari zaigu. Gironaren aurkako lehen zatia kenduta, puntu gehiago merezi izan ditugu neurketa guztietan. Hori bai, zenbait arlo hobetu behar ditugu, emaitzek gure alde egin dezaten".

Dortmund Europako talde indartsuenetako baten aurkako lehiari begira, nazioarteko atezainak norgehiagokaren planean kontzentrazioa mantentzearen garrantzia azpimarratu zuen: "Azkenean futbola da, aurkariaz edo giroaz harago, guk gure planera mugatu behar dugu. Haiek pilota izan nahi dute eta erasoan azaltzen dira; beraz, gure presioa erdiko blokean aprobetxatu behar dugu, gure arean sendoak izan behar dugu eta eurenean eraginkorrak. Gure zaletuei erakutsi nahi diegu egiten dugunak funtzionatzen duela eta dinamika alda dezakegula. Bihar egun garrantzitsua izan daiteke horretarako".

Ernesto Valverdek, bestalde, taldearen momentuaren zailtasuna aitortu du: "Bolada txarrean gaude, eta irabazten ez duzunean erne egoten zara. Lehenbailehen amaitzea da kontua. Zelai zail batera gatoz eta aurrean aurkari zaila dugu, baina taldearen asmoa irabaztea da, beti bezala".

Valverdek era honetako partiduen motibazioa azpimarratu du, bai taldearentzat eta baita zaleentzat ere: "Txapeldunen Ligan egotea saria da gu guztiontzat. Giro aparta egongo da, denok bizi nahi genuena: neurketa zailak, baita aurkariak ere. Biharko norgehiagokak talde osoa eta zaleak motibatzen ditu, noski. Dortmund une onean dago, baina aurre egingo diegu, partidan sartuta egongo gara eta gure alde jartzen saiatuko gara".