
"Gure bultzadarekin bolada hau etengo dugu"
"Gure bultzadarekin bolada hau etengo dugu"
Valverdek adierazi duenez, "mentalitateari dagokionez, onenetarikoak gara" eta "gure nagusitasuna egoera arriskutsuagoetan bihurtu behar dugu"
Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak agerraldia egin du lehoiek San Mamesen RCD Mallorcaren bisita jaso aurretik: "Bolada txarrean zaudenean, garaipenak asko ematen dizu. Bilatu egin behar dugu, egia baita abuztuan partida guztiak irabazi genituenean bizi izan genuen guztiz kontrako dinamikan murgilduta gaudela. Irailean ez dugu lortu. Txapeldunen Ligako partidak aparte samar jartzen ditut, baina, batez ere, ligan haietako asko menderatu ditugu eta ez gara gai izan hiru puntuak eskuratzeko. Bolada hau eten behar dugu. Arerio honen aurka lehia orekatuak jokatu ditugu gehienetan. Zaila izango da, baina saiatu behar gara. Gure bultzada baliatu behar dugu. Mentalitateari dagokionez, onenetakoak gara, asko tematzen garelako. Hori da identifikatzen gaituena eta ongi moldatzen gara horrela. Irabazi ez ditugun ligako lau partida hauetan egoera ezberdinak gertatu dira. Golak egitea kostatzen ari zaigu eta gure erasoan sendoagoak izan behar dugu. Talde osoaren kontua da, ez soilik aurrelariena. Gure nagusitasuna egoera arriskutsuagoetan bihurtu behar dugu".
Katedraleko norgehiagoka bakoitzean bezala, teknikari zuri-gorriak espero du harmailetatik laguntza izango dutela: "Espero dut zaleak beti bezala egotea gurekin. Argi dago ez gaudela une onean, baina Dortmundera etorri zen jendea taldearekin alboan egon zen, batez ere zelaian ondo geundela eta berdinketa lor genezakeela ikusi zuenean. Hemen jokatu genuen azken partidan gauza bera gertatu zen. Publikoa egongo da eta jokalariak dira guztiei tira egin behar dietenak".
Bajei dagokienez, ez du aitzakiarik jarri, baina denboraldiko tarte honetan eragiten ari zaizkiela aitortu du: "Futbolari guztiak jokatzeko moduan egotea gustatuko litzaidake, egituran gehiegi nabaritu gabe pieza jakin batzuk aldatzen joateko. Arazoa da posizio bereko hiru galtzen dituzunean edo denboraldi osorako batzuk ez dituzunean. Ea geldialdi honen ondoren jendea berreskuratzen joan gaitezkeen".
Azkenik, aurkariari erreparatuz, Valverdek honako diagnostikoa egin du: "Mallorca talde harritsua eta gainditzeko zaila da. Ez dizu metro bat oparituko. Lau edo bostekin joka dezake atzean eta gero indartsua da kontraerasoan, estrategian eta alboetatik erdiraketak jartzen. Oso adi egon behar dugu geldikako baloietan".