Thinking Football Film Festival jaialdiaren XIII. edizioa hasiko da

Thinking Football Film Festival jaialdiaren XIII. edizioa hasiko da

“Saipan” filmak emango dio hasiera zinema eta futbola uztartzen dituen Athletic Club Fundazioak bultzatutako zinemaldiari, Roy Keane jokalari izarraren eta Mick McCarthy entrenatzailearen arteko gatazka azaltzen duen dokumentala

Gaur, urriaren 6a, astelehena, hasiera eman zaio Thinking Football Film Festival jaialdiaren XIII. edizioari. Zinema eta futbola uztartzen dituen jaialdiak 11 film luze, 2 film ertain eta 4 film labur eskainiko ditu aurten, eta urriaren 12ra arte luzatuko da. Sala BBK aretoak “Saipán” dokumentalaren estreinaldi europarra hartuko du 19:00etan. Dokumentalak hasiera emango dio aurtengo edizioari, Torontoko Nazioarteko Zinema Jaialdian izandako arrakastaren ondoren. Sarrerak agortuta daude.

Filmak futbol irlandarraren historiako pasarterik ezagunenetako bat kontatzen du: Roy Keane, Manchester Unitedeko kapitain eta izarra, eta Mick McCarthy entrenatzailearen arteko gatazka, 2002ko Munduko Txapelketarako kontzentrazio betean. Saipanen, Pazifikoko uharte urrun batean, entrenamendu-baldintzei eta profesionalismoari buruzko liskar gisa hasi zena, laster bilakatu zen kiroletik haratagoko eztabaida.

“Saipan” dokumentalaren zuzendariak, Lisa Barros D’Sa eta Glenn Leyburn, BBK Aretoan izango dira filmari buruz hitz egiteko, eurek definitu duten moduan: kirol mundutik haratago oihartzun egiten duen ego, elkartasun eta nortasunari buruzko istorioa.

Thinking Fotball jaialdiari buruz

Athletic Club Fundazioak bultzatutako Thinking Football jaialdia zinemaz gozatzen duten eta futbola kirol gisa ez ezik, gogoeta eragiten duten istorioz betetako fenomeno sozial eta kultural gisa ulertzen dutenentzako topagunea da.

BBK Aretoan egingo diren emanaldietarako sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik erreserba egin behar da. Aurten ere, saio askok “Sarrerak Agortuta” kartela eskegi dute, baina gainerako egunetarako programazioa hemen kontsultatu dezakezu.