
"Partidak aurrera ateratzeak ematen dizun dinamika positiboa nahi dugu"
"Partidak aurrera ateratzeak ematen dizun dinamika positiboa nahi dugu"
Realaren aurkako derbia jokatu aurretik, Valverdek "talde handia" direla eta egin behar duten gauza bakarra "emaitzak lortzea" dela azpimarratu du
Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzailea komunikabideen aurrean agertu da, lehoiek Realaren aurka Anoetan jokatu baino lehen: "Reala ez da ondo hasi puntuei dagokienez, baina egia esan ondo ikusten dut jokoari dagokionez. Berdintasun izugarria dago LaLigako talde askoren artean eta edozein partidako edozein xehetasunek irabaztea edo galtzea eragin dezakete. Egin dituzten fitxaketak eta entrenatzailea ere berria dela kontuan hartuta, moldatu egin behar dira, baina dinamika onean daude, denok baitugu puntuak lortzeko beharra. Europako txapelketarik ez duenez, bere neurketak tarte handiagoarekin doaz. Denborarekin posizioak irabazten joango dela suposatzen dut".
Valverdek aitortu du talde zuri-gorriak ez duela bere unerik onena bizi, baina konfiantza osoa dauka duen taldearengan: "Egia da ez gaudela bolada onean ligan. Talde handia gara eta egin behar den gauza bakarra emaitzak lortzea da. Sailkapenei begiratzen badiegu, ez gaude gaizki, baina hobeto egon nahi dugu. Horretarako irabazi egin behar duzu eta partidak aurrera ateratzeak ematen dizun dinamika positiboa nahi dugu. Biharko aukera aprobetxatzen saiatuko gara. Hau guztia oso azkar doa eta beti indarberritu behar zara".
Azkenik, derbiak zein bereziak izan daitezkeen galdetu zioten: "Guztietan bi taldeek irabazteko beharra dute. Sailkapenetik haratago doazen norgehiagokak dira, eta une jakin batzuetan distantzia handia egon arren, beti da nagusi berdintasuna, emozio-karga handia baitute. Horrekin jokatzen jakin behar da. Lehietara indartsu goazen bi talde gara eta bigarren jokaldiak egongo dira. Adi egon behar dugu".
Erlazionatutako partidak
Real Sociedad - Athletic Club


