Valverde: “Dakigun bezala jokatzera ausartu behar gara”

Valverde: “Dakigun bezala jokatzera ausartu behar gara”

Entrenatzaileak, Jesus Aresorekin batera, komunikabideak artatu ditu St. James' Park zelaian jokatuko den Newcastleren aurkako Europako lehiaren atarian

Athleticek UEFA Champions League txapelketan bere norabidea sendotzeko exijentziarik handieneko hitzordua du asteazken honetan St. James' Park zelaian Newcastle United taldearen aurka.

Neurketaren atarian, Ernesto Valverdek eta Jesus Aresok azken emaitzen ostean erreakzionatzearen garrantzia azpimarratu dute, baita taldeak lehiaketa honetara eraman duen anbizioa mantentzeko intentzioa ere.

Aresok aitortu duenez, "derbiko porrota mingarria izan zen, baina iragana da. Ez ditugu nahi genituen emaitzak lortu azken partidetan, baina biharko hitzordua garrantzitsua da, zelai eta aurkari handi baten aurka".

Nafarrak Europako neurketetan bidaiatzen duten zaleak eta horiek sortzen duten giroa goraipatu ditu: "Dortmundekoa erokeria izan zen. Hemen ere 3.000 pertsona egongo dira eta zelai hauetan gehiago sentitzen dituzu; pribilegiatuak gara hor edukitzeagatik". Azken jardunaldietako emaitzak gorabehera, taldearen erreakzioan konfiantza du: "Orain arte aurkari zailen aurka jokatu dugu, baina aurrera begiratu behar dugu. Qarabag mendean hartzeak itxaropena eman zigun eta jarraipena ematen saiatu behar dugu".

Aresok LaLigaren garrantzia nabarmendu du, "eguneroko saria ematen dizun txapelketa da", baina Txapeldunen Ligari baliorik kendu gabe, "oso, oso garrantzitsua da guretzat". Aurkariari dagokionez, "Newcastle oso talde fisikoa da eta espaziora korrika egitea gustatzen zaio", eta bere helburu pertsonala gaineratu du: "Ez dut nire burua aldarrikatu nahi, ezta postua eskuratu ere; nire helburua da nire bertsiorik onena ematea, taldeak irabazi edo puntuatu dezan".

Ernesto Valverdek, bestalde, taldearen nortasunari eutsi eta Txapeldunen Ligako paper onari jarraipena emateko prest agertu da: "Dortmundeko lehen zatia izan ezik, ondo aritu garen lehiaketa batean gaude. Jarraipena ematen eta partida ona egiten saiatuko gara".

Teknikariak, deialdiko bajen inguruan galdetuta, esan du "zerrendan ez daudenak bihar jokatzeko moduan ez daudelako" direla.

Taldearen uneari buruz, prestatzaileak argi hitz egin du: "Hau futbola da. Sasoi hobeak eta txarragoak daude denboraldian zehar. Emaitzak doitzen ari dira, bai alde, bai kontra. Puntu gehiago izatea gustatuko litzaiguke, baina bihar sentsazioak berreskuratzeko aukera dugu".

Valverdek printzipioen adierazpen batekin amaitu du agerraldia: "Guk beti egiten dugu aurrera gure ideian. Hemen bagaude, taldea oso maila altuan egon delako da. Garen bezalakoak izaten eta Txapeldunen Liga jokatzera eraman gaituen jokoa mantentzera ausartu behar dugu".