
"Garaipena garrantzitsua izango litzateke joera aldaketa baieztatzeko"
"Garaipena garrantzitsua izango litzateke joera aldaketa baieztatzeko"
Javi Lergak hiru puntuak lortu nahi ditu Granadan, "etenaldira lasaitasun handiagoarekin joateko, haiei sailkapenean berdinduz eta gora begira"
Javi Lerga komunikabideen aurrean agertu da lehoiek Granada CF-ri bisita egin aurretik, orain dela gutxi egindako jardun onak berresteko asmoz: "Oso pozik gaude osatu genuen partidarekin eta daramagun dinamikarekin. Pena izan zen berdinketa 96. minutuan iritsi zelako Realaren aurka, Anoetan, eta penaltiz. Beraz, aho-zapore mingots hori geratzen zaizu: hiru puntuak eskuan izan eta azken unean bi galdu izana. Hala ere, esan dugun bezala, taldea ondo dago, azken hiru jardunaldietan gol bakarra eta penaltiz jaso dugu. Ez ditugu aukera asko jasotzen, baina erasoan gehiago sortzea falta zaigu. Sakontasun handiagoa izatea nahi dugu jokoa kontrolatuz. Dinamika horri eutsi nahi diogu Granadan hiru puntuak lortuz. Garrantzitsua litzateke joera aldaketa hori berresteko eta geldialdira lasaiago joateko, haiei sailkapenean berdinduz eta gora begira".
Denboraldi hasiera erraza izan ez den arren, teknikari zuri-gorriak blokearen bilakaera positiboa azpimarratu du: "Badakigu hau iraupen-lasterketa bat dela eta oraindik bide luzea dago egiteko. Garrantzitsuena sentsazio horiei eustea da, uste baitut egunetik egunera askoz hobeto gaudela. Ikusten da bai entrenamenduetan bai neurketetan. Edalontzia erdi beteta ikusi nahi dugu. Bizi izan dugun bidaia honek indartsuago egin gaitu. Alderdi mentala asko landu behar izan dugu, egoera ez zelako erraza eta jokalari askorentzat berria zelako. Hortik hasi gara eraikitzen".
Azkenik, hau uste du Andaluziako taldearen inguruan: "Egia da birmoldatu den taldea dela. Baja garrantzitsuak izan ditu, Ednarena gehienbat, noski. Azkenean, denboraldi bakoitza ezberdina da, eta aurretik egin duzunak ez du ezertarako balio. Etxean emaitza onak lortzea gehiago kostatzen ari zaie, baina oso futbolari onak ditu eta oso ondo lehiatzen da".
Erlazionatutako partidak
Granada CF - Athletic Club


