
“Akatsak egin ditugu eta gogotik ordainduarazi digute”
“Akatsak egin ditugu eta gogotik ordainduarazi digute”
Ernesto Valverdek deitoratu egin du taldeak nola ekin dion neurketari bi zatietan: "Ahulak izan gara, gehiegi, eta aprobetxatu egin dute"
Athletic Clubek porrota jaso du Spotify Camp Noun eta Valverdek argi hitz egin du FC Barcelonaren aurkako neurketaren osteko prentsaurrekoan: "4. minutuan lehen gola egin digute. Berregin egin gara, berdintzeko aukerak izan ditugu, eta partida irekita zegoen, nahiz eta hemen jokatu eta aurretik joan. Ondoren, zoritxarrezko hainbat jokaldi iritsi dira: gola lehen zatiko azken minutuan, hirugarrena bigarrena hasi eta berehala, jokalari bat gutxiagorekin geratzea... Minutu bakoitza okerragoa zen. 10ekin eta 3-0ekin geratu gara, eta zaila izan da. Oso ahul ekin diogu neurketari bi zatietan, gehiegi, eta haiek aprobetxatu egin dute".
Hala ere, entrenatzaile zuri-gorriak ateratzen dituen ondorio guztiak ez dira txarrak: "Beroan balantzea ez da positiboa. Neurketetara nola sartzen garen aztertu behar dugu. Lehen zatian nahiko ondo ibili garela uste dut, aurre egin ahal izateko eta berdinketaren gola lortzeko adina, baina, ondoren, eurentzako partida maldan behera jarri da eta guretzat maldan gora. Akatsak egin ditugu eta oso garesti ordainarazi digute".
Eguna ahaztera eta lanean jarraitzera. Asteartean Txapeldunen Ligako hil edo biziko norgehiagoka jokatuko dugu Slavia Praharen aurka eta Valverdek data hori du buruan: "Hutsetik hastea dagokigu. Oso neurketa gogorra eta fisikoa izango da. Txapelketako partida garrantzitsua da. Gaurko ahalegina ahalik eta ondoen berreskuratzen saiatuko gara, fisikoki zein psikologikoki. Ez gaude pozik nola galdu dugun ikusita, baina egoera horiei aurre egiten ere jakin behar da".
Erlazionatutako partidak
FC Barcelona - Athletic Club


