
Javi Lerga: “Taldeak zama kendu du gainetik”
Javi Lerga: “Taldeak zama kendu du gainetik”
Entrenatzaile zuri-gorriak uste du igandeko Levantere aurkako partida "tranpa” izan daitekeela, talde valentziarra azken sailkatu gisa iritsiko baita Lezamara ligako geldialdiaren ondoren
Athletic Clubek Levante UD hartuko du igande honetan Lezaman, Liga F-ko azken sailkatua 12 jardunaldiren ostean. Valentziako taldeak oraindik ez du garaipenik lortu eta premiaz iritsiko da lehoien aurkako hitzordura.
Partida aurreko prentsaurrekoan, Javi Lergak onartu du azken geldialdiak une goxoenean zeudenean iritsi dela: “Etenak gure momenturik onenean harrapatu gaitu, baina egutegia horrelakoa da”, azaldu du. Era berean, nabarmendu du puntuak etengabe batzeak sailkapenean gora egiten laguntzen diela. Entrenatzaile zuri-gorriak taldeak azken asteetan izan duen bilakaera ere azpimarratu du: “Zelaiaren eraso guneetan hartzen ditugun erabakietan hobetu dugu; kostatzen zitzaigun arriskua sortzea eta motel genbiltzan arlo horrretan. Kontua golak sartzen hastea eta garaipen bat lortzea zen, taldeak gainean zuen zama kentzeko. Orain bolada onari eutsi behar diogu, ondo zaudenean, exijentzia mantendu behar da”.
Bihar valentziarren aurka jokatuko duten neurketari begira, Lergak ez du gehiegizko konfiantzarik nahi: “Partida tranpa bat da”. Aurretik antzeko testuinguruko neurketak izan dituztela gogorarazi du, eta aurkariaren entrenatzaile-aldaketak izan dezakeen eraginaz ohartarazi: “Haiek entrenatzaile aldaketa dute, eta horrek motibazio eta intentsitate puntu bat ematen die”. Partidaren gakoei dagokienez, teknikariak denborak ondo kudeatzearen eta arriskuak gutxitzearen garrantzia nabarmendu du: “Etxean jokatzen dugu, gure publikoaren aurrean, eta pazientzia izan behar dugu partida heltzerakoan. Kontuz ibili behar dugu Levanteren erantzun azkarrekin eta geldikako jokaldiekin. Irabazi ez duen talde bat da, azkena doa eta hiru puntuak ateratzeko betebeharra daukagu”.
Urtea ixteko geratzen diren hitzorduak kontuan hartuta —bihar bertan, Fuenlabradara egindako irteera eta Bartzelonan CE Europa aurkako Kopako kanporaketa—, Lergak argi utzi zuen taldea soilik Levante UDen aurkako neurketan zentratuta dagoela: “Urtea daramagun lerro berean amaitu nahi dugu. Guretzat Gabonak oraindik oso urrun daude”, adierazi zuen.
Erlazionatutako partidak
Athletic Club - Levante UD


