"Azken garaipenak emandako indarra aprobetxatu nahi dugu"

"Azken garaipenak emandako indarra aprobetxatu nahi dugu"

Ernesto Valverdek balioa eman dio taldearen erreakzioari Leonen gora egiteko eta Mallorcari irabazteaz hitz egin du "gora begiratzeko"

Athletic Clubek larunbat honetan hasiko du bigarren itzulia Palman eta Ernesto Valverdek horren garrantzia azpimarratu du. Bi partida jarraian datoz kanpoan (Mallorca eta Sevilla) eta bi San Mamesen (Reala eta Levante), Txapeldunen Liga eta Kopa tarteko direla. "Azken garaipenak emandako indarra aprobetxatu nahi dugu, egoera oso txarrak gainditu ostean", adierazi du Leonen erdietsitako markagailu-iraulketari erreferentzia eginez. "Funtsezkoa da partida hauetan dinamika ona hartzea. Bigarren itzuli honen hasiera funtsezkoa da". 

"Partida hau oso garrantzitsua da bizi dugun egoeragatik. Ez dago distantzia handirik taldeen artean. Irabazi eta gora begiratu nahi dugu. Partida ona egin behar dugu, beraientzat ere hiru puntuak ezinbestekoak direlako", azpimarratu du entrenatzaileak.

"Hemendik aurrera, geratzen diren neurketa kopuruari begiratu behar diogu arretaz. Puntuen garrantziak beste dimentsio bat hartzen du bigarren itzulian", ohartarazi du. Horretarako, defentsako prestazioak hobetu behar dira: "Urte hauetan oso fidagarriak izan gara beti atzean, eta bi partidatan zortzi gol jaso ditugu. Ez da berezkoa, eta konpondu egin behar da. Hitz egin dugu. Elkartuago egon behar gara".

Hala ere, 3-4koaren garrantzia azpimarratu du: "Garrantzitsuena emandako erantzuna da eta ezin hobea izan zen. Inork ez du erraz irabazten Kopan. Jendea taldearekin lotuta dago. Ez gara nahi ditugun emaitzak lortzen ari, baina finalerditik partida batera gaude".

Yuri Berchiche "guretzat oso jokalari garrantzitsua" dela azpimarratu du. "Berea ez den postu batean irten zen eta ez zuen amore eman, segurua da". Alex Berenguer zerrendara itzuli da eta Aymeric Laporte aste bat edo bi barru itzultzea espero du.