"Denboraldiko tarte erabakigarria da"

"Denboraldiko tarte erabakigarria da"

Ernesto Valverdek Atalantaren aurka lortutako garaipenaren bultzada baliatu nahi du konfiantza hartzeko eta Sanchez-Pizjuanen partida ona egiteko

Athleticek Sevillara bidaiatuko du LaLigako 21. jardunaldia jokatzeko. Lehoiak Atalantari Txapeldunen Ligan 2-3 irabazi ostean helduko dira, eta Ernesto Valverdek espero du Italian irabazteak bultzada izatea: "Garaipenek beti ematen dute konfiantza, eta Txapeldunen Ligan bada, are gehiago. Markagailuari buelta eman genion, guretzat egoera zail batean; taldearen lehiarako espirituaren erakusgarri".

Sanchez-Pizjuanen jokatuko den norgehiagoka seigarren partida jarraian izango da etxetik kanpo, LaLiga, Kopa eta Txapeldunen Liga artean, eta atseden hartzeko tarte gutxirekin. "Estres maila altua dugu, eta LaLigan emaitzak onak ez direnean, estres horrek gora egiten du. Hala ere, aurreko eguneko garaipenak lagundu behar digu hori guztia garaitzeko eta bihar partida ona egiteko. Denboraldian zehar badaude hau bezain garrantzitsuak diren tarteak, baina bai, tarte erabakigarria da", azpimarratu du entrenatzaile zuri-gorriak.

Aurkariari dagokionez, Valverdek honakoa esan du: "Premia puntu horrekin dagoen taldea da, guztiok gauden bezala. Sevilla beti bezain lehiakorra espero dut, amaierara arte borrokatuko duena. Elkarrekin gauden talde guztiok bigarren buelta honetan asko dugu jokoan".

Azkenik, momentuko ilusioa alde batera utzi behar ote den galdetuta, argi dauka: "Ez, inola ere ez. Askoz hobea da ilusio horrekin egotea, galdu izanagatik tamaltzen egotea baino. Gure arreta partida honetan jarrita dago, duen garrantziagatik. Txapeldunen Liga ilusio bat da, Kopa ere bai, baina LaLiga gure betebeharra da eta ez zaigu ondo joaten ari".