Unai Egiluz: "Nire ametsik handiena San Mamesen jokatzea da"

Unai Egiluz: "Nire ametsik handiena San Mamesen jokatzea da"

Durangoko erdiko atzelariak taldearekin entrenatuko du berriz gaur, eskuin belaunean izan zuen lesio larria gainditu ondoren. Hain txarto sentitu ondoren, "sari potoloa" dela eta "pozez gainezka" dagoela onartu du

Unai Egiluz talde lanera itzuliko da gaur. Joan den uztailaren 30ean denboraldiaurreko partida batean eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuenetik, Durangoko erdiko atzelaria etengabe aritu da lanean lehenbailehen berriz ere prest egoteko. Joan den neguko merkatuan 13. dortsalarekin inskribatu zuen Athleticek eta gaur, azkenik, Lezamako talde dinamikan parte hartuko du berriz: "Ondo nago, oso pozik prozesua ondo doalako eta prest sentitzen naizelako taldearekin itzultzeko. Luzea izan da, baina pozik nago ondo eraman dudalako eta ahal izan dudan guztia egin dudalako. Ez daukat bueltarako data finkorik, momentuz taldearekin entrenatzen hasiko naiz eta entrenatzaileak % 100ean ikusten nauenean, deialdian sar nazala eta berdegunean jar nazala ".

Egiluzek onartu du taldearekin berriro entrenatu ahal izatea "oso sari potoloa dela, hain gaizki ikusten duzulako zeure burua, ezin zarela ohetik altxatu ere egin, berriro joka dezakezula sentitzeak gauzak askoz gehiago baloratzera bultzatzen zaituela".

Joan den kirol urtearen amaieran, Mirandan utzita amaitu zuenean eta etorkizuna zalantzazkoa zenean, nola sentitu zen galdetuta, Egiluzek azaldu du "uda berezia" izan zela, "Mirandesekin denboraldia berandu amaitu zen eta ez nuen beste ezertan zentratu nahi, baina gero Athleticek deitu zidan, nire bizitzako taldeak, eta ez nuen ezer pentsatu behar izan. Lezaman hazi naiz ni eta nire ametsa San Mamesen jokatzea da. Beraz, kontratua berritu nuen zalantzarik gabe. Gero belauneko lesioaren kolpe lata heldu zen, baina lehenbailehen bueltatzea izan dut helburu beti".

Taldeak denboraldian zehar atzealdean izan dituen lesioen inguruan galdetuta, durangarrak adierazi du "nire postuan jokatu behar izan duten guztiak maila handian egon direla. Lehiarik nahi ez duenak ez du tokirik hemen. Nire esku dago futbolari gisa dudan balioa erakustea. Gainera, hain prozesu luzearen ondoren Yeray entrenamenduetara itzuli izana albiste bikaina da guztiontzat ".