San Mames morez, mosaikoa eta besoko berezia Emakumearen Nazioarteko Egunagatik

San Mames morez, mosaikoa eta besoko berezia Emakumearen Nazioarteko Egunagatik

Athletic Clubek M8arekin bat egingo du Bartzelonaren aurkako LaLigako partidaren inguruan egingo diren zenbait egitasmorekin

San Mames morez jantziko da larunbat honetan, martxoaren 8an (igandean) ofizialki ospatuko den Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta. Talde zuri-gorriak M8arekin bat egingo du Bartzelonaren aurkako LaLigako partidan, estadioaren barruan eta kanpoan hainbat ekintza sinboliko eginez, Klubak berdintasunaren alde duen konpromisoa eta athleticzale familiaren barruan emakumeek duten zeregina agerian uzteko.

Partida hasi aurretik, San Mameseko bideomarkagailuek eta Pozaseko pantailak horretarako sortutako bideo berezia proiektatuko dute.

Bestalde, ateetako txapelgorriek txapel moreak jantziko dituzte, eta Ekialdeko harmailan, berriz, mosaiko zuri-gorria zabalduko dute, "ATHLETIC CLUB" inskripzioarekin, letra moretan. Jokalekuan, lehen taldeko kapitainak besoko berezia eramango du, puntu more brodatu batekin.

Jardunaldia estadioaren kanpoaldetik ikusteko moduko beste keinu batekin amaituko da. Partidaren ondoren, San Mameseko fatxada more kolorez argiztatuko da, lehenik "ATHLETIC GU GARA" esaldia proiektatuz eta ondoren "ATHLETIC 8M GARA".