Lezama | Lezamako Instalazioak | Athletic Club Website Oficial

Lezama

Lezama
Athletic Cluben harrobia

1971ean inauguratuak, Lezamako instalazioek Athletic Clubak talde profesionalaren entrenamendu-gune modura eta Klubeko azpiko kategorietarako futbol-eskola modura berezko espazio bat izateko premiari erantzuten die.

Lezamako udalerrian daude kokatuta, Bilbotik 15 kilometrora. Instalazio horiek Athletic Clubaren eta haren filosofiaren zimenduak dira, izan ere, bertan lekutzen da fisikoki harrobia, soilik berezko jokalariak baliatzeko ideiaren oinarria, hori baita Instituzioa definitzen duen ezaugarria.

Kategoriak eta azpiegiturak

Lezamak Athleticen lehen taldea eta Athletic emakumezkoenak taldea hartzen ditu, eta oinarrizko futbolaren beste hamabost talde, horiek baitira lehen taldera iritsi aurretik jokalari batek (gizon zein emakume) gainditu behar dituen mailak. Bilbao Athletic (Bigarren B Maila), Basconia, emakumeen B taldea, Jubeniletako bi talde (17-19 urte bitartean), hiru Kadete talde (15-16 urte bitartean, horietako bat emakumeena), lau Infantil (13-14 urte bitartean, horietako bat, emakumeena) eta bi Gaztetxo talde (txikienak, 11-12 urte bitartean). 

 

Horiek dira Athleticen oinarria osatzen duten taldeak, bertan prestatzen eta sortzen dira talde profesionaletara igarotzen diren futbol-jokalariak. Lezamako instalazioetan, 13 hektareatan banatuta, arauzko neurriak dituzten belar naturaleko lau zelai barneratzen dira (horietako batek bi tribuna ditu, 3.200 ikusle hartzeko). Gainera, belar artifizialeko lau zelai ditu, horiek ere arauzko neurriekin. Horiez gain, pabilioi estali bat belar artifizialekoa, gimnasioak, osasun-zentroa eta biltegiak. Halaber, erabiltzaileek parkingak (estalia eta aire zabalean) eta taberna dituzte erabilgarri.

Egoitza

Athletic Clubek 2021eko irailean gauzatu zuen harrobiko futbolarientzako egoitza bat martxan jartzeko ametsa, 30 logela bikoitzeko edukierarekin.

Ia mende laurden igaro da Bizkaiko kanpoko harrobiko jokalariak Derioko Andres de Mañarikua egoitzan finkatu zirenetik (1997an, Jose Maria Arrate presidente zela), eta 18 futbolarik (13 mutil eta 5 neska) betetzen dituzte gaur egun instalazio zuri-gorrietako logelak.

Logelek kirolarien beharrei erantzuten diete, batez ere atseden hartzea, ikastea, gauzak antolatzea, erlaxatzea eta jarduera fisikoaren ondoren deskonektatzea.

Horretarako, altzari malguak eta pertsonalizagarriak erabili dira, jokalari bakoitzak bere espazioa berea bihur dezan.

Formakuntza integrala

Instalazioetako azpiegitura horri giza baliabideak gaineratzen zaizkio, horiek baitira Athleticek harrobiarekin egiten duen lanaren ardatza. Baliabide horien barnean daude entrenatzaileak, prestatzaile fisikoak, osasun-zerbitzuak, laguntzaileak eta pedagogoak, oinarrizko taldeetako jokalarien kirol eta giza prestakuntza osatze aldera.

Lezaman talde ezberdinekin burututako lana paregabea da eta klubeko teknikari guztiekin partekatua. Futbol-jokalaria da elementu gakoa, prestakuntza-planaren ardatza, eta jolasa da ikaskuntzarako funtsezko bitartekoa, zeinaren bidez kontzeptuak baitaratzen baititu jokalariak.

Jokalariaren (gizon zein emakume) kirol errendimendua optimizatzearekin batera, haien prestakuntza integrala erdiestea da asmoa, beren prestakuntza pertsonaleko alderdiak garatuz. Xedea prozesuaren amaieran Athleticeko futbol-jokalarien giza profila futbolak egun dituen eskakizunetara moldatzea da eta, bestalde, jokalari horrek Klubaren balioak eta idiosinkrasia isla ditzala.

Lezamaren ideia instalazioetatik harago doa. Athletic Clubak egitura zuri-gorria osatzen duten kluben lana gainbegiratzen du. Beste talde batzuetan nabarmentzen diren neska-mutikoek entrenamendu espezifikoak burutzen dituzte klubak Euskal Herriko geografian barna sakabanaturik dituen teknifikazio-zentroetako batean.

Instalazioetarako sarbideak

🚇 TRENA/METROA
Euskotren/Metroa – 3. linea (Azken geltokia: Lezama) geltokitik 5 minutura.

🚌 AUTOBUSA
Bizkaibus, 3223 Bilbao-Larrabetzu. Geltokia: La Cruz auzoaren eta Lezamako udalerriaren erdigunearen artean.

🚙 IBILGAILUAK
Lezamako instalazioetara ibilgailuz sartzeko, bi ibilbide daude, helmugako eremuaren arabera:

1. ibilbidea: La Cruz auzoko zonaldetik aurreko sarrera ezkerrera utziko da eta, behin Lezama erdigunera iritsita, biribilgunean norabide-aldaketa egin behar da, metro gutxira, instalazioetara sartzeko.
2. ibilbidea: Lezama erdigunea zeharkatu ondoren iristekotan, biribilgunea atzean utzi beharko da eta instalazioetarako sarrera martxaren norabide berean izango da.

APARKALEKUA
Behin instalazioen barnean, ibilgailuak lurpeko parking berrian sartuko dira. Dauden plazak beteta badaude, ezingo da instalazioetara sartu. Kasu horretan La Cruz industrialdean kokatutako aldirietako parkingetan aparkatu ahalko da, Lezama herriaren sarreran eta Euskotrenen geltokiaren alboan.

Jendetza pilatzen den egunetan: Athleticen instalazioetako aparkalekua txiki geratzen den partidetan, Lezamako Udalak aparkalekuak atontzen ditu instalazioen inguruan.