
Jamie Carragher

Liverpool FC
Liverpool FCeko Jamie Carragherren mitoak 2025eko One Club Man saria jaso du Athletic Cluben eskutik. Defentsa ingelesak 17 urteko ibilbidea burutu zuen Anfielden, 1996 eta 2013 urteen artean, Red ttaldearen kamiseta 737 aldiz defendatuz. San Mamesen jasoko du saria, Athletic Clubek eta Girona FCk irailaren 23an jokatuko duten partidaren atarian.
Benetako "scouse" bat
Liverpool FCren historian partida gehien jokatu dituen bigarren jokalaria da Carragher, 737 norgehiagokarekin, Ian Callaghamek bakarrik gaindituta. Bootleko jokalariaren atzetik, Steven Gerrard, Ray Clemence, Emlyn Hughes, Ian Rush, Phil Neal, Tommy Smith, Bruce Grobbelaar eta Alan Hansen bezalako ikonoak agertzen dira.
Bere garaiko erdiko atzelaririk onenetakoa izan zen, bai Premier League-n bai Europako panorama osoan ere. Horren lekuko da 150 partida jokatu zituela UEFAko txapelketetan, txapelketa kontinentaletan presentzia gehien duen futbolari ingelesa bilakatuz. Bere ibilbidean zehar Txapeldunen Liga bat (2005), UEFA kopa bat (2001), bi Europako Superkopa (2001 eta 2005) eta bi FA Cup (2001 eta 2006) irabazi zituen.
Liverpool FC taldera egindako lan bikainari esker, Ingalaterrako selekzioarekin 38 aldiz jokatzeko aukera izan zuen, John Terry edo Rio Ferdinand bezalako zentral mitikoekin hamaikakoan postu bat lortzeko borroka sutsuan. 2006ko eta 2010eko Munduko Txapelketetarako deitu zuten, baita 2004ko Eurokoparako ere. Aipatzekoa da Jamie Carragher ere 2002ko Munduko Koparako Sven-Göran Erikssonek osatu zuen deialdian izango zela, ebakuntza egitera behartu zuen belauneko lesioa pairatu izan ez balu.