
- Hasiera
- Taldeak
- Athletic Club B
- 2025-26
- Athletic Club B - Real Racing Club de Santander
Athletic Club B - Real Racing Club de Santander


- 59' (p.) ,81' Izaro
- Ordax 11'
KokapenaLezama 2, Lezama
Torrontegiren gol bikoitzak filiala igoerara bultzatu du
Mungiako jokalariaren bi golekin eta Aldekoa atezainaren jardun bikainarekin, Athletic Club B-k Racingen aurkako neurketari buelta eman dio Lezaman

Oraindik itxaron beharko da, izan ere, bihar Zubietan jokatuko den Errealaren aurkako partida izango da asteburu honetan emakumezkoen filialak Lehen Federaziora igotzea lortuko duen ala ez erabakiko duena. Momentuz, etxerako lanak eginda daude, Ander Ojangurenek zuzentzen duen taldeak 2-1 irabazi baitio Racing de Santanderri Lezamako 2. zelaian.
Athletic Club B ohikoa baino tentsio handiagoarekin atera da zelaira, jokoan zegoena kontuan hartuta guztiz logikoa den zerbait. Lezamako 2. zelaian jokatzea, igoeraren presioarekin, xehetasun txikia dirudien arren, askotan uste baino eragin handiagoa izaten du hasierako minutuetan.
Testuinguru horretan, Racing de Santanderrek, hirugarren postuan zetorrenak eta playoffeko bigarren postua lortzeko aukerak zituenak, egoera hobeto aprobetxatu du: erosoago, sendotuago eta partidaren hasiera hobeto irakurriz. Eta hala iritsi da 0-1ekoa, Naiara Ordaxen golarekin 11. minutuan, zorte pixka bat izan duen jokaldi batean. Kantabriar taldeak atsedenaldira alde handiagoarekin joan zitekeen Elene Aldekoaren bi geldiketa bikainengatik izan ez balitz; atezainak partida bikaina egin du.
Bigarren zatian, mezua argia zen: emozioak alde batera utzi eta konbentzimendu osoz joan behar zen markagailua iraultzera. Irati Martinek bere abiadurarekin partida hautsi du, eta berak eragin du 58. minutuan penaltia; Izaro Torrontegik gola bihurtu duena, hori bai, suspense pixka batekin, Reinak jaurtiketaren norabidea asmatu baitu. Berdinketa lortuta, zuri-gorriek aurkariaren ateari bakarrik begiratu diote. Maialen Valladaresek eta Iraia Fernandezek aukera onak izan dituzte, eta markagailu-iraultzea gero eta gertuago zegoen.
Racingek gutxitan zapaldu du area zuri-gorria, baina batean, Aldekoak geldiketa ikusgarria egin dio Rabascoren jaurtiketa bati, bi zentralak gainditu ondoren.
Filialak indartsu ekin dio azken txanpari. “Torron”-ek etsi gabe jarraitu du, eta azkenik, 81. minutuan, jokaldi kolektibo on baten ondoren, Ainhize Redondok Izaro Torrontegiren gola erraztu du eta honek bere hamabigarren gola sartu du, 2RFEFeko golegile nagusi bihurtuz.
Athleticek hiru puntuak eskuratu ditu, eta bihar ikusiko da zer egiten duen Errealeko filialak igoera ziurtatzeko. Talde oso gaztea da, baina atzo hasiera kaskarra gainditu zuen eta, ausardiaz eta ilusioz, estatu mailako bigarren kategoriara itzultzea gero eta gertuago du.

Athletic Club B
Hamaikakoan

Ordezkoak
Entrenatzaileak
Ander Ojanguren

Real Racing Club de Santander
Hamaikakoan



















