Valencia CF VS Athletic Club 2022-11-5 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
08. Jardunaldia

Valencia CF1 : 2Athletic Club

A. Torrodà95'
Pinedo63'
Arana91'
Laburpen bideoa
Estadioa
Antonio Puchades
Herria
Paterna
Data
05/11/2022
Ordua
12:00
Data eta ordua
2022-11-5 - 12:00

Lehoiak aste biribila Valentzian osatu dute

Iraia Iturregirenek 1-2 irabazi diote aurkari on bati, aste berean lortzen duten bigarren garaipena

2022ko aza. 5a

Bitik bi Athletic Clubentzat aste berean. Zuri-gorriek 1-2 irabazi zioten Valentzia CF taldeari Antonio Puchadesen. Lehen zatian gehiago merezi izan zuten etxekoek, baina berriro ere, lehoien lan solidarioak beste garaipen erdiesteko balio izan zuen. Torrodàk azken minutuetan gola egin zuen arren, Pinedok eta Aranak bigarren zatian sartutako golek garaipena ziurtatu zute.

Lehen zatiak erritmo bizia izan zuen eta lehoiek irteera ona izan zuten. Clara eta Ortega Enithen atera hurbildu ziren, baina ordu erdira hurbiltzean lehoien abagunerik onenak iritsi ziren. Marianak Pekeren erdiraketa on bat errematatu zuen, baina atezain valentziarrak erdilariaren burukada gelditu zuen. Erantzuna geldikako bi ekintzekin iritsiko zen valentziarrentzat, lehenik Fiammak, area ertzetik, langara bidali zuen baloia eta handik gutxira gauza bera egingo zuen zuzeneko libre batean. Andrea Estebanen koadroa, Pererak korner batean egindako beste erremate batekin, sentsazio hobeekin amaitu zuen lehen zatia. Topaketa oso irekia zegoen.

Iturregik hiru aldaketa egin zituen aldageletatik bueltan. Aranak ez zuen asmatu buruz burukoan, Enithek 57. minutuan geldiketa bikaina gauzatu baitzuen. Ordea, Pinedok 0-1ekoa egin zuen jokaldi pertsonal bikain batean. Azkonaren oinetik jaso zuen pasea, eta 62. minutuan baloia sare barrura bidali zuen maisuki. Denboraldi honetan bilbotarrak erdietsi duen lehen gola izan zen. Valentzia CF-k erreakzionatu egin zuen eta Quiñonesek berdinketa eragotzi zuen 71.ean.

Lehoiek abantaila txikiena ere ondo defendatzen zuten eta Arana urruneko jaurtiketa batekin saiatu zuen aldea handitzen. Hamar minuturen faltan, etxeko taldeak artilleria guztia atera zuen markagailua irauli nahian. Talde valentziarrak jokalari asko bildu zituen area zuri-gorrian eta alboko erdiraketa bakoitzak arriskua zeraman. Lehiak amaierara arte emozio handia izan zuen. Hainbeste non luzapenean bi gol egon ziren. Lehenik, Aranak, partida erabakita uzteko, jokaldi pertsonal bikaina sortu eta baloia zuzenean eskuadrara bidali zuen. Ondoren, erreakzionatzeko ia denborarik gabe, Torrodak etxekoen gol bakarra sinatu zuen. Bost egunetan sei puntu pilatu ditu Athleticek, sailkapenean postuak igotzeko eta San Mamesen jokatuko den Realaren aurkako derbia prestatzeko abiapuntu ederra.