Kopak 100 urte bete ditu
Maiatzaren 27tik ekainaren 5-a arte Ibaigane Jauregian Athletic Clubek erdietsi zuen lehenengo kopa ikusteko aukera…
Maiatzaren 27tik ekainaren 5-a arte Ibaigane Jauregian Athletic Clubek erdietsi zuen lehenengo kopa ikusteko aukera izango dugu.
Ibilaldi gidatua: bi talde osatuko dira bata eguerdiko 13.00etan eta bestea arratsaldeko 17.00etan. Marabini ospetsuak diseñatu zuen kopa ikurra eta, aldi berean, Ibaigane jauregia, Athletic Clubeko egoitza, Bilboko arkitekturaren bitzi onenetako bat ikusgai izango dira nahi duenarentzat.
Athletic Club-ek, Bizkaya izena hartuta, orain dela 100urte erdietsi zuen lehen kopako saria.
1902ko maiatza zen. Orduko Madrid F.C.-eko lehendakari Ricardo Padrós-i otu zitzaion ideia ona zatekeela futbol txapelketa bat antolatzea Alfontso XIII.aren koroatzea zela eta prestatutako egitarauan. Txapelketan parte hartuko zuten garai hartan “kirol xelebre” deitutakoan legez eratutako talde guztiek.
Guztira, bost klubek izena eman zuten, futbolak indar handiena zeukan hirien ordezkari gisa: Madrid Foot ball eta New Foot ball, biak ere Madrilgo Hiribildu eta Gortekoak; Bartzelona eta Español, Konde-hirikoak; eta Bizkaya, Bilboren ordezkari.
Español-en aurka jokatutako partidan Bizkayak, elastiko zuri eta praka beltzez, gerora txapelketa ofizialeko lehen partidatzat joko zen hartan honako jokalariak sartu zituen hamaikakoan: Arana L. (Bilbao F.C.), Larrañaga (Athletic Club), Arana A. (Athletic Club), Goiri E. (Athletic Club), Ugalde R. (Bilbao F.C.), Silva L. (Athletic Club), Sota (Athletic Club), Astorquia J. (Athletic Club), Dyer (Bilbao F.C.), Cazeaux (Athletic Club), eta Evans (Bilbao F.C.).
Bizkayak 5 eta 1 irabazi zuen partida, bai eta Español txapelketatik kanporatu ere. Norgehiagoka horretan, euskal futbolaren irmotasuna katalanen joko biziari gailendu zitzaion. Hurrengo egunean New Foot Ball-en aurka jokatu zuen: orduan ere ez zuen neurriko aurkaririk izan, eta emaitza potoloa lortuta irabazi zuen: 8 eta 1.
Finalaren eguna
San Isidro egunean, 1902ko maiatzaren 15ean, Espainiako Txapelketaren lehenengo finala jokatu zen:Barcelona F.C eta Bizkaya. Bizkaya-ren aldetik honakoek jokatu zuten: Luis Arana (Bilbao F.C.), Careaga (Bilbao F.C.), Larrañaga (Athletic Club), Luis Silva (Athletic Club), Amado Arana (Athletic Club), Goiri (Athletic Club), Cazeaux (Athletic Club), Astorquia (Athletic Club), Dyer (Bilbao F.C.) eta Evans (Bilbao F.C.). Hau da, Athletic Club-eko zazpi jokalari eta Bilbao F.C.-eko lau.
Lehian aritu ziren bi taldeen estiloen arteko aldeak nabarmenak ziren: euskaldunena soila, eragingarria eta zorrotza zen; katalanena, aldiz, ezin landuagoa. Partida Bizkayak irabazi zuen bi eta bat. Athleticen golak Astorquiak eta Cazeaux-ek egin zituzten.