Athletic Club

Elkarrizketa Ignacio Ugartetxerekin

Elkarrizketa Ignacio Ugartetxerekin

Ignacio Ugartetxe Athletic Clubeko presidenteak gaurkotasuna duten gaiak errepasatzen ditu gure web orrialdean. Bere hitzen…

Ignacio Ugartetxe Athletic Clubeko presidenteak gaurkotasuna duten gaiak errepasatzen ditu gure web orrialdean. Bere hitzen arabera, aurrez aurretik prestatutako gidoiari eusten dio klubak Del Hornoren kontratu berria sinatzeko. Halaber San Mameseko soropilak ondo erantzun zuen arren udaran bilatu beharko dela konponbidea eta, bigarren itzuliko bolada mantenduko delakoan dagoela dio presidenteak.

Nola jaso duzue Asier Del Hornoren ordezkariak eskaintza bertan behera uzteko erabakia?
Lehenengo eta behin esan lur eta zur geratu ginela urtarrilaren 21ean Asier del Hornoren ordezkariaren eskutitza jaso genuenean, are gehiago egun horretan bertan Andoni Zubizarreta kirol zuzendariak horrela eskatu ostean aste honetarako hitzordua adostu zutenean alde biek. Asmoa zen bion jarrera hurbiltzea Athletic Clubek jokalariaren ordezkariari emateko prest zeukan eskaintza ezagutu eta gero. Harridura albo batera utzirik, gure klubak plangintza berbera dauka gaiaren inguruan eta gaur bertan luzatu dio jokalariaren ordezkariari bilera bat egiteko asmoa arestian aipatzen den eskaintza helarazteko asmoz.

Asier del Hornoren kontratua berritu gura du Athletic Clubek?
Argi eta garbi gera dadila Asier del Horno bere etxea den honetan bertan urte luzez segitzea gure asmoa dela. Pazientzia izan dugu jokalariarekin eta eta pazientzia izango dugu aurrerantzean. Ez dugu galdutzat ematen.

Diru kopuru asko haizeratu dira azken egunotan…
Jokalariekin negoziatzen den diru kopuruaz hitz egitea ez da klub honen joera, eta ez dut nik apurtuko. Dena den, klubak eskaintzen dituen ditu kopuru finkoetatik aparte, egon badaude beste kopuru batzuk daude helburuak lortuz gero, eta horrela gertatzen bada, kantitate finkoa bikoiztu egin daiteke.

Gaia aldatuz, zelan ikusi zenuen San Mameseko soropila?
San Mameseko soropilak domekan erakutsi zuen itxura ezuste atsegina izan zela esan beharra daukat, are gehiago kontuan hartuta azken egunotan, A Coruñako Deportivoren aurka jokatu aurretik hain justu ere, eguraldiak eskaini zuen euri jasa. Pozarren gaude San Mames zaintzearen ardura duen enpresaren erantzunarekin eta eguraldiaren laguntza espero dugu arazoari behin betiko konponbidea emateko.

Bide onetik dabil taldea?
Taldearen lana nahikoa ona dela uste dut eta horrela ulertzen dute bazkide zein zaleek. Europan egoteko eskubidea ematen duen tokia eskuratzea dugu erronka eta bide onetik goaz. Etxean sendo gaude eta zorte pixka bat falta zaigu etxetik kanpoko norgehiagoketan. Halaz ere, itxaropentsua naiz oso bigarren itzuliari begira.