Athletic Club

Emakumezkoen futbolari buruzko burutazioak

Emakumezkoen futbolari buruzko burutazioak

Ana Reka, Athletic Clubeko emakumezkoen taldeko lehendakariordeaz 2003ko martxoaren 30ean gertaera historiko bat jazo zen…

Ana Reka, Athletic Clubeko emakumezkoen taldeko lehendakariordeaz

2003ko martxoaren 30ean gertaera historiko bat jazo zen ehun urte beteak dituen Athletic Cluben historian.Lehen aldiz, futbolaren katedralak, gure gizartean errotuen dagoen eta garrantzitsuena den kirolaren santutegiak bere baitan hartu zuen neskek jokatutako futbol partida bat. Gertaera garrantzitsu hau klubak oraingo agintaldiko zuzendari-batzordean berretsitako apostua da, eta horrek bide berri baten alde egiten du, emakumezko futbolaren alde. Egindako apostuari ez zitzaion zalantzarik ezta nolabaiteko gutxiespena adierazten zuen kanpoko baloraziorik ere faltatu. Bestalde, beste maila batean, ikusmina sortu zen, eta ikusleak Lezamara hurbiltzen hasi zirenez Athleticeko nesken hasiera benetan ilusionagarria izan zen. Apurka apurka, partidaz partida, zale zuri-gorri leialak, berriz ere, jendearen eta nesken talde zuri-gorriaren arteko loturaren eragile bilakatu ziren, zaletasunaren horren adibide emakumezkoen Superliga leihaketa izan zen.

2003ko martxoaren 30 hartan, futbolaren balioa aintzat hartzeko San Mamesko emakumeek egindako futbolari, hasieran, modu lotsati batean izan bazen ere, ateak ireki zitzaizkion. Ehun urte bete dituen klub profesional honek gizarteari beti arretaz begiratu izan dio eta bete-betean asmatu zuen kolore zuri-gorrietatik aukera hau bultzatuz, etorkizuneko belaunaldietako neskek aukera horretaz gozatzeko parada izango baitute. Neska horiek egunen batean euren bihotzeko Athleticen koloreak defendatzearekin amets egiteko aukera izango dute.

Eta Superligako titulua irabazi zen, eta orain bigarren bat irabazi da. Maiatzaren 16an, igandea, San Mamesko ateak berriz ere zabaldu ziren, titulua garaikurra eskuan ospatzeko, porrotean jaia egiteko. Argi gelditu zen emakumezkoen futbolak Athletic Club deitzen denean arima eta sentimendua dauzkala eta horiek guztiz bakarrak eta bereziak dira.

Hala ere, pentsatu behar dugu bidea hasi baino ez dela egin. Estatuko emakumezkoen goreneko leihaketaren errealitateak Superliga izen arranditsua izan arren, ez dauka zerikusi handiegirik Athleticeko zale gogotsuekin, bere intalazio eta baliabideekin, ezta gure neskek gozatzen duten maila guztietara zabaltzen den laguntza teknikoarekin ere. Bertan lehiatzen diren taldeek askotan zailtasun handiak izaten dituzte gutxieneko kontuak koadratzeko, gutxieneko kalitatezko instalazioak edukitzeko eta jokalarien errendimendurik hoberena lortzeko lan egiten duten giza-baliabideak lortzeko. Horregatik, Athleticeko emakumezkoek lortutako arrakasta ukaezinak noraino heldu nahi dugun serio hausnartzeko aukera eskaintzen digu. Orain arte, klubak proiektu serio bat modu baikor batean sustatzen eta garatzen ahalegin handiak egin ditu eta berarentzat lehiaketa horrek horma baten kontra talka egitea suposa dezake, lehiaketak lehenago azaldutako lan onarekin eta serioarekin ez baitauka zerikusi handirik. Eta euren lanarekin eta ahaleginarekin lehiakortasun horren alde tematu diren talde txiki horiekiko sentitzen dugun begirunerik eta errespeturik handiena adierazi nahi dugu, elkarrekin lan egin behar baitugu euren egoera hobe dadin.

Orain, Athleticeko neskek bigarren titulua lortu eta gero, emakumezkoen futbolaren alde lan egiteko konpromisoa, etxe barruan zein kanpoan, berritzeko unea dela uste dugu. Gure aurrean erronka asko daukagu eta horiei aurre egiteko ahalegin handiak egin behar ditugu, eta batez ere, kirolen erregea deitzen duten honetan, gure nesken lanarekiko konfidantza eta fede handia behar dugu. Orain arte, gure zaleen gogoa berritzea lortu izan dugu eta horrek proiektu honek etorkizunean izango dituen gakoak arretaz kudeatzera behartuko gaitu. Horregatik, Athletic, ehun urte dauzkan kluba, gizartean errotutako kluba, izen oneko eta lan handiko instituzioa garelako, emakumezkoen futbolean egiten ari garen lana adibide gisa zabaltzea gustatuko litzaiguke. Lan egiten jarraituko dugu, eta bide horretatik, ziur irabazten jarraituko dugula.

Eta ozenki egindako hausnarketa hauetan ez nuke lehendakaria aipatu gabe utzi nahi, berak proiektu honetan aurrera egiteko etorkizun-sen estrategiko handia izan baitzuen. Javier Uriak ia gozatzeko aukerarik ez izan arren, bere apostu pertsonala historiako lehen emakumezkoen Athletic taldea abian jartzean datza. Hala ere, Javier Uriak betean asmatu zuen, bere izena errealitate honekin lotuta geldituko da betiko, bere lan gaitasun handiarekin eta bere ontasunarekin, sustatu zituen beste hainbatekin gelditu den bezala. Orain, neskek aurreko denboraldiko titulua berriro lortu dutenez, eta jada, gure artean ez dagoenez, bere gogoa eta ilusioa bere proiektuari leial jarraitzen diogunon artean dago. Athletic Club osatzen dugun sendi handi honetan gero eta benetakogoa eta biziagoa den hasierako apostu horri eusteko eta lan egiteko gogoa daukagu. Bidea eginez erakusten da eta oraindik asko dago egiteke, baina bitartean, goza dezagun gure neskek berritutako arrakastaz.