
Athletic Clubek 2-Trabzonspor-ek 0: Lehen pausoa
Athletic Clubek 2-Trabzonspor-ek 0: Lehen pausoa
Azkenik gau majikoa izan da oso. Lehen pausoa izan da denboraldi ona burutzeko, lehen pausoa…
Azkenik gau majikoa izan da oso. Lehen pausoa izan da denboraldi ona burutzeko, lehen pausoa europar lehiaketetan nor eta zer garen azpimarratzeko. Arerioak Turkiako lidergoan zetorren, etxetik kanpo partidarik galdu gabe denboraldi honetan eta etxetik kanpoko partida guztietan gola egin du San Mameseko hitzordura heldu artean.
Ez da ikuskizunerako partidarik izan, kanporaketa gainditzeko baizik eta gure taldeak jakin izan du lehiaren erritmoa ezartzen, bizkortzen, gelditzen eta, era berean, aukerak gauzatzen. Eginkizun horretan berebiziko garrantzia izan du zalegoaren laguntza, harmailetatik etorri den arnasa, publikoaren eztarrietatik hedatu den irrintzia laurogeita hamar minutuz entzun da Katedralean. Sostengua ematea nahikoa bazen ere, zuzentasunez jokatu du, etorkizunari begira garrantzi handiko adibidea. Taldea eta zalegoa batera doazenean, gaindituezina da Athletic Club.
Horregatik, giro paregabean, partidak behar zuen hasiera eskaini du Athletic Clubek, presioz eta kemenaz beterikoa. Lehendabiziko minutuan aldeko penaltia kontuan hartu gabe, Ezquerrok egin du bat eta zerokoa bosgarren minuturako. Golak ez du gosea asetu eta Ezquerrok berak eta Urzaizek abaguneak izan dituzte bigarrena sartzeko. Ez da horrela izan, eta partida orekatu egin da, aukerei dagokienez, baina ez aldiz baloi jabetzari dagokionez, zurigorria izaten jarraitu du eta. Une horretan bazirudien zalantzak gurera helduko zirela eta Urzaizen aukeraren ostean turkiarren lehen zatiko abagune bakarra heldu da: Karadenizen eskutik, baina Aranzubiak desbideratu egin du kanporantz zihoan baloia. Berreskuratu egin du nagusitasuna Athletic Clubek eta zaintiratua sufritu duen Ezquerroren ordez sartu den Arriagak izan du atsedenaldi aurreko azken aukera.
Bigarren zatiari begira markagailuaren alde txikiak ez zuen tarte larregirik uzten konzentrazio ezarako eta joan den zapatuko izpiritu berarekin irten da taldea. Arriagaren barnekaldiak ez du errematatzailerik aurkitu 55. minutuan, penaltia egin diote Urzaizeri 60.enean eta 62. minutuan izugarrizko gola gauzatu du Yestek. Bigarrenak lasaitu ederra ekarri du harmailetara eta futbol zelaira.
Douganek This eta Yilmaz zelairatu ditu eta turkiarrek partidako lehen aukerak sortu dituzte, kanporaketari eusteko asmoz. Seyhan, Tekke eta Yilmazen aukerak heldu dira partidako azken ordu laurdenean sartu baino lehenago. Helburua bete ezinik ibili dira turkiarrak, eta aukerak berriro zurigorriak izan dira, Orbaiz, Yeste eta Urzaizen bitartez, Karadenizek 80. minutuan izan duena eta azken uneko urrutiko jaurtiketa kenduta.
Azpimarratzea azkenik, beste jokalari bat sartu dela Athletic Clubeko historian, Gorka Azkorrak bere lehen minutuak jokatu baititu zurigorriarekin. Luzerako izan dadila. Bitartean, erne, Liga hor dagoelako eta bi asteko etenaldiari zapore onez heldu beharko.